Hondakin bilketan «asko» dagoela egiteko dio Zumaiako Udal Gobernuak

Ane Olaizola 2013ko martxoaren 5a

Arrandegietarako 2.000 ontzi banatu zituzten iaz Zumaian. (Argazkia: Zumaiako Udala) 2013an hondakinen gaikako bilketa tasa ahalik eta gehien igotzeko konpromisoa hartu zuen duela urtebete Zumaiako Udalak, eta ordutik hamaika ekintza eta kanpaina egin ditu herrian, datuak hobetzeko eta herriarren kontzientzia indartzeko. Orain, horien guztien balorazioa egin du Zumaiako Udal Gobernuak, eta jakinarazi du hondakinen %65,9 nahastuta jaso zirela iaz, eta 2.494.250 kilo bota zituztela Zarauzko Urtetako zabortegira. Beraz, biztanleen %34,1ek bildu zituzten hondakinak gaika, eta udalaren arabera, datuok «zertxobait hobera» egin duten arren, «asko» dago oraindik egiteko. Horregatik, iazko datuak «irauli», eta 2013a «birziklapenaren urtea» izatea nahi du. «Herritarrok eta aktoreek arazo honen gainean dugun ardura gure gain hartzea ezinbestekoa da, birziklatzeak aukera izateari utzi, eta betebehar izan dadin», adierazi du Udal Gobernuak. Azken hilabeteetan ekimen ugari egin badituzte ere, Iñaki Agirrezabalaga Zumaiako alkateak gogoratu du udala lehenagotik ere ari dela hondakinen arazoari irtenbidea emateko lanean. Duela hiruzpalau urte hasitako ekimenen eraginez birziklatze tasak hazi egin direla dio. Azken urtean «arazoaren oinarriak eta irtenbideak» azaltzeko bilerak egin dituzte herrian, eta udalaren arabera, 450 zumaiarrek baino gehiagok hartu dute parte haietan. Ekimen guztiek ez dute, ordea, harrera bera izan. Bilerei jarraipena emateko, udalak autobusa antolatu zuen Usurbilera, zumaiarrek hango bilketa sistema bertatik bertara ezagutzeko. Bertan behera geratu zen bisita, ordea, «ia herritarrik» ez zelako bertaratu. Kanpainak ere egin ditu azken urtean. Esaterako, edukiontzi  marroiaren giltzak banatzeko ahalegina egin du udalak. Banaketak «erantzun ona» izan zuela nabarmendu du udal gobernuak, Zumaiako etxebizitzen %52ek eskatu dutelako edukiontzia erabiltzeko materiala. Dena den, giltza eskatu dutenetatik %15ek ez dutela bosgarren edukiontzia erabiltzen argitu du; hau da, Zumaian, egun, etxebizitzen %37k sailkatzen dute material organikoa. Hurrengo pausoa hondakinak ongi bereizteko etxez etxe hiztegia banatzea izan zen. Era berean, herriko bi gunetan auzokonposta egiten ari dira, eta udal gobernuak adierazi du laster beste bost gunetan hasiko direla.  «Eredugarria eta txalotzekoa da herritar horiek hondakinekiko hartutako ardura». Hondakinak murrizteko, berriz, edalontzi berrerabilgarriak baliatzeko kanpaina egin zuen, eta herriko arrandegietan erabiltzeko 2.000 ontzi banatu zituen. Horien bidez, datuak «hobetu» dira, baina ez dira izan esperotakoak: «Herrian gaiak izan duen oihartzuna izanda ere, gaikako bilketa ez da nahi eta behar beste hazi». Oinarriak adosten Orain arte emandako pausoak aztertu eta bilketa selektiboko emaitza onenak izateko moduak adosteko asmoz, hondakinen mahaia martxan jarri dute udaleko alderdiek, atez atekoaren kontrako plataformak, Zumaiako Zero Zabor taldeak eta Zumaiako Natur Taldeak. Dagoeneko hiru bilera egin dituzte, eta taldeek beren proposamenak aurkeztu dituzte. Orain, berriz, «aztertzen» ari dira. Alkateak, ordea, ez du argitu zein den Udal Gobernuak aurkeztu duen proposamena: «Modu diskretuan adostuko genuela zehaztu genuen». Udal Gobernuak berretsi du %80ko birziklatze tasa duela helburu, eta irtenbidea emateko «kontsentsua» lortzen ahaleginduko direla dio. «Kontsentsura iristeko, ordea, bakoitzak bere jarrera malgutu beharko du. Posible da adostasunera ez iristea, eta kasu horretan gehiengoa duenak erabakiko du». Hain zuzen, datozen asteetan oinarriak adosteko asmoa dute, auziari «berandu baino lehen» irtenbidea eman ahal izateko. Hori hala, eztabaida «ika-mika politikotik» atera, eta arlo teknikora eraman nahi dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide