Zumaiako Udal Gobernuak harriduraz hartu du asteburuan EAJk ateratako oharra. Izan ere, EAJri pasa den astean, bi aldiz (batzordean eta plenoan), azaldu zitzaion Zumaiako Udaleko teknikariak gaikako bilketa sistema baten bideragarritasun ekonomikoa azaltzeko informazioa biltzen ari direla. EAJri azaltzeaz gain, kalean gerturatu diren herritarrei ere azalpenak eman dizkiegu, eta horretan jarraituko dugu, ez baitugu ezer ezkutatzeko.EAJak informaziorik ez dela eman salatzen du, eta berriro diogu, bi aldiz azaldu zaie juxtu horretantxe ari garela, bilketa sistema baten inguruko informazioa biltzen, gero Hondakinen Mahaian azaltzeko. Izan ere, Hondakinen Mahaian Udal Gobernuak aurkeztutako proposamenetako bat, ez bakarra, osatzeko intentzioarekin bideragarritasun ekonomikoa zein den ikusteko lanetan ari gara. Ezkutatu gabe, egun argiz, aurretik beste proposamen baterako egin bezala.
Horregatik, ez dakigu asteburuko artikulu horrek plataformaren deialdiarekin zerikusirik duen edo ez. Baina, susmagarria egiten zaigu, bi aldiz erantzuna jaso eta oraindik ere herritarren artean nahasmena sortzeko hartutako bide hori.
Udal Gobernuak esan bezala, proposamen bat baino gehiago egin ditu, eta beste bilketa sistema baten balorazio ekonomikoa aurkeztua du, dagoeneko, Hondakinen Mahaian. Eta ondo dakite herriko auzo ezberdinetan egiten ari garen neurketak ere mahaian balorazio ekonomiko bat aurkezteko direla.
Duela egun gutxi, Hondakinen Mahaitik adostasuna eta fruitu emankorrak ateratzeko prestutasuna agertu genuen Udal Gobernutik. Ez dakigu, ordu gutxira jasotako oinarririk gabeko akusazio publiko horren helburua zein den, baina ez du batere laguntzen arazo hau eztabaida politikotik atera eta arlo teknikora pasatzeko gure helburuarekin.
Gure asmoa, herrirako bilketa sistema egokiena eta onena izango denaren oinarriak Hondakinen Mahaian adostea dela berresten dugu. EAJren jokaerak ez du adostasunak lortzeko eta eztabaida joko politikotik atera eta mahai teknikoetara eramateko gure prestutasuna handitu baino egiten. Udal Gobernua Hondakinen Mahaian aurkituko dute elkarrizketa giro sosegatu batean segitzeko prest.