Aizarnazabalen hondakinen erdia gaika bildu dute 2012an

Onintza Lete Arrieta 2013ko otsailaren 27a

Goenaga eta Etxaniz, iazko datuei buruzko azalpenak ematen gaur eguerdian (Onintza Lete Arrieta/Hitza) Leire Etxaniz Urola Erdiko Mankomunitateko lehendakariak hondakinen inguruko datuak eman ditu gaur eguerdian, Orkatz Goenaga Ingurugiro Etxea fundazioko zuzendariarekin batera. Iaz 13.000.0000 kilo hondakin sortu zirela azaldu dute, eta horietatik ia 9.000.0000 kilo zuzenean Lapatxeko zabortegira joan zirela gaineratu dute. Kopuru horiek murriztearen beharra azaldu dute, eta era berean, Aizarnazabalgo datuak goraipatu dituzte. Izan ere, han iaz hondakin guztien erdia gaika bildu zuten; auzokonposta egitearen ondorio positiboa dela azaldu dute. Urola Erdiko biztanle bakoitzak urtean batez beste 233 kilo errefusa sortzen du Etxanizen eta Goenagaren arabera. "2012an, errefusa tratatzeagatik 119,19 euro ordaindu ditugu tona bakoitzeko. Alegia, guztira, eskualdean, gure zabortegian utzi eta tratamendu egokia emateagatik milioi bat euro baino gehiago gastatu dugu", azaldu du Etxanizek. Hondakin organikoa tratatzea merkeagoa dela esplikatu du, "tonako 65,57 euro". Krisi garai hauetan "gastua izugarria" dela deritzo, eta mezu argia helarazi du: "Organikoa bereizteko bidean urrats eraginkorrak emateak guztioi egingo digu on, bai ekologikoki, bai ekonomikoki". Urola Erdiko Mankomunitatearen erronka nagusia "ahalik eta hondakin gutxien sortzea" dela berretsi dute, eta 2013 urte honetan lanak horretara bideratuko dituztela aurreratu dute. Iazko datuak osorik ikusgai daude Urola Erdiko Mankomunitatearen webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide