David Zurutuza Realzale gazteekin. (Aritz Mutiozabal/Hitza)
Garoa Taldea. Aurrera Zuru! Realzaleen taldea aurkeztuko dute gaur, 19:00etan, Azpeitiko Garoa tabernan. Iazko udaberritik Realeko peña sortzeko asmotan ibili dira Garoa tabernan elkartzen diren zaleak, eta azkenean lortu dute. Dagoeneko 40 lagun baino gehiago bildu ditu taldeak.
«Realeko zaletu talde bat osatzeko 12-13 bazkide bildu behar dira gutxienez, eta beste hainbeste zaletu. Guk dagoeneko 40 laguneko taldea osatu dugu. Gure taldea irekia da. Orain arte taldeko bazkide egin direnak ahoz ahoz zabaldutakoari esker egin dira. Hala eman dugu taldearen berri», dio Patxi Egañak, taldeko kideak eta Garoa tabernakoak.
Realeko hiru belaunaldi
Gaur, taldearen aurkezpenean Realeko hiru belaunaldi elkartuko dituztela jakinarazi dute peñakideek. «Juanan Larrañaga eta Tomas Orbegozo izango dira, batetik. Mikel Aranburu ere etorriko da; Mikel Labakak ezingo duela etorri esanez deitu digu. Hirugarren belaunaldiko David Zurutuza ere etorriko da. Horiez gainera, 37-38 urtean Realeko bazkide izan diren herritarrei oroigarri bana emango diegu».
Realeko zaleak bilduko ditu taldeak, baina baita Realeko David Zurutuza futbolariaren zaleak direnak ere. «Zurutuzaren zaleak gara, erdi azpeitiarra dugulako. Aita azpeitiarra zuen, eta familia du hemen», diote
Garoa Taldea, aurrera Zuru!-koek.
Taldea irekia dela diote, eta nahi duten guztiek har dezakete parte bertan. «Azpeitian Realzalea eta irekia den aurreneko taldea hau dela uste dugu». Urtean pare bat irteera antolatzeko asmoa dute, baina oraindik ez dute zehaztu noiz eta nora. «Irteeretan parte hartzeko aukera ere irekia izango da, eta antolatzen dugunean horren berri zabalduko dugu», azaldu dute taldekideek.
Ia urtebeteko lana
Taldea sortzea kostatako lana izan dela diote. Joan den udaberrian hasi ziren sortzeko lehen lanekin, eta dagoeneko estatutuak-eta eginda dituzte. Garoa tabernan bertan sortu zen Realaren zaletuen talde edo peña bat osatzeko asmoa. «Taberna betidanik izan da Realzalea, nahiz eta Real Madrideko zale batzuk eta Athletic-ekoak ere etorri. Bertan biltzen diren Realzaleen artean talde bat osatzeko asmoa forma hartzen joan da, eta taldea behar bezala egin dugu, estatutu eta guzti».
Azkenaldian lortutako emaitzekin gustura daude Realzaleak, «eta adarra jotzeko gogoz ere bai». Talde berriarekin «saltsa, umore ona eta sanoa», abiatu dutela diote.
Gaur festa txiki baten baitan aurkeztuko dute talde berria Realzaleek. 1980-1981eko denboraldian Realak liga irabazi zueneko irudiak ere emango dituzte.