52. 000 euroko galerak ditu egun Zarauzko Surf Elkarteak

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko otsailaren 27a

Iazko San Miguel Pro Surf txapelketako sari banaketen unea ZSE Zarauzko Surf Elkarteak martxoaren 13rako deitu ditu bazkideak, elkartearen egungo egoera ekonomikoaz eztabaidatzeko. Gai garrantzitsua jarriko dute mahai gainean urteko batzar orokor horretan: 2012ko balantza ekonomiko negatiboaren berri emango dute. Izan ere, egun 52.730 euroko zuloa dauka elkarteak. Hainbat arrazoi dago horren atzean; garrantzitsuena, 2012ko San Miguel Pro Zarautz munduko txapelketak izandako galerak. Iban San Martin elkarteko kudeatzeaileak adierazi du iazko txapelketa ez zela «oso ondo» atera, eta horrek 32.000 euro inguruko galera eragin diola elkarteari—ZSEk antolatzen du San Miguel Pro Zarautz—. Normalean, txapelketa horren ondoren aurrekontua berdinduta geratzen dela azaldu du San Martinek, edota irabaziak izaten dituela. Iaz, ordea, babesle garrantzitsu bat atzera bota zen, Nike. Hala ere, uztaila amaieran txapelketaren antolakuntzarekin aurrera jarraitzea erabaki zuten elkarteko arduradunek, beste bi babesle garrantzitsurekin— San Miguel eta Euskaltel— kontratua sinatuta zutelako, eta lizentziak ordainduta. Galerak ekarri dizkio horrek elkarteari; 32.965 eurokoa, hain zuzen. Horri elkartearen beraren funtzinamenduagatiko emaitza negatiboa gehitu behar zaio: 19.764 euro. San Martinen esanetan, ordea, horrek ez du «zerikusirik» WQS mailako surf probarekin. Krisiaren ondorioz eta Foru Aldundiak eta Zarauzko Udalak ematen dituzten diru-laguntzak murriztu direla-eta gertatu da San Martinek adierazi duenez. Urteko kuota garestiagoa Elkarteak funtziona dezan bazkideen urteko kuota igo dute dagoeneko; 15 euroko igoera izan da. Jakinarazi duenez, duela zortzi bat urtetik bazkide izateagatik urtero ordaindu beharreko kopurua 50 euroko zen. Aurrerantzean, aldiz, 65 euro ordaindu beharko dute ZSEko bazkide izan nahi dutenek. Emailez jakinarazi zitzaion bazkide bakoitzari kuota igo egingo zutela, eta martxoaren 13ko batzar orokorrean ere azalduko dizkiete nondik norakoak. Horrez gain, urteko emaitza negatibo horren zergatia azaldu eta bazkideen zalantzak argituko dituzte. «Orain batzordeak erabaki beharko du zein neurri hartu arazo honi aurre egiteko. Murrizketak egongo dira, baina buelta emango diogu». Orain galdera garrantzitsua ondokoa dela esan du: «Aurten egingo al da San Miguel Pro Zarautz sei izarreko surf proba?»

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide