Gaur goizean aurkeztu dute hedabideen aurrean Arraunketa eta Piraguismo Teknifikazio Zentroa. Arraunetxearen aurkezpenean parte hartu dute Orioko alkate Beñat Solaberrietak, Joxe Anjel Iparragirre Orioko Udaleko zinegotziak, Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendari Jon Redondok, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zuzendari Asier Sarriegik, Kutxa Fundazioko ordezkari Carlos Ruizek eta Orioko Arraun Elkarteko lehendakari Ibon Huegunek besteak beste. Arraunetxea Orioko Arraun Elkarteaten etxe berria izateaz gain, "Euskal Herriko nahiz atzerriko federakuntzetako arraunlarien progresioa sakontzeko kirol-gune erreferentea" izatea nahi dute proiektua errealitate bihurtu zedin laguntza eman duten erakundeetako ordezkariek.
6.000 metroko teknifikazio zentroa
6.000 metro koadro ditu eraikinak lau solairutan banatuta. Beheko solairuan ontziak eta arraunak gordetzeko espazio zabala du. Lehen solairuan kirol eta errendimendu gunerik nagusiena dago kokatuta, 983 metro koadroko gimnasioa da solairuko eremu nagusia. Bertan arraunerako 29 ergometro, piraguismoko 9 ergometro eta indarra lantzeko 40 makinatik gora aurkitu daitezke. Horretaz gain, apirilerako bukatuta egotea aurrikusten duten 242 metro koadroko fosoa ere badago. Bestetik, lehen solairuan sendagilearen kontsulta, ikus-entzuneko gela eta hipoxia zerbitzuak ere baditu zentroak. Bigarren solairuan, erabilera anitzeko gela, denda eta bulegoak daude.
6 milioi eurotako aurrekontua
Arraunketako eta Piraguismoko Teknifikazio Zentroa Orioko Udalak kudeatuko du eta Udalak hartuko ditu bere gain hemendik aurrerako mantenu gastuak. Beñat Solaberrieta Orioko alkateak azaldu duenez, 5.778.870,70 euroko (BEZ-a barne) aurrekontua izan du eraikinak eta barneko ekipamenduak.Horretaz gain, eraikin berriaren mantenuak urteko 100.000 euroko aurrekontua izango du.