Euskal Udalekuen inguruko liburua eta ikus entzunezkoa lantzen ari dira

Urola Kostako Hitza 2013ko otsailaren 25a

Nafarroako Urdirotz euskal udalekuan azkenengo urteetan jardun duen taldea, udalekuaren historia eta han ibilitakoen bizipenak liburu batean eta DVD batean batzeko lanean dabil. “Erabaki genuenean udalekuarekin aurrera ez egitea, bai ikusten genuen esperientzia eta bizipen asko zeudela eta horiek jaso nahi genituela. Hortik abiatuta liburu eta DVDa egitea pentsatu genuen” azaldu du Olatz Olaso bergararrak, Urdirotzen haur, sukaldari eta begirale moduan ibilitakoak. Urdirozko euskal udalekuak 24 urtez funtzionatu zuen, 1982tik 2006ra, eta milaka haur, begirale eta sukaldari igaro ziren handik, horietatik asko Zarautz, Getaria eta Orio ingurukoak. Urtean hamabost eguneko hiru txanda egiten ziren eta txanda bakoitzean 125 bat ume biltzen ziren.

Hori kontutan izanda, liburu zein ikus-entzunezkoak osatzeko informazioa jasotze aldera, Urdirotzen begirale, sukaldari, laguntzaile, ume eta bertan ibilitakoak batzeko topaketa antolatu da martxoaren 2rako,  Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolan. Ahalik eta jende gehienaren ekarpenak jasotzea da horren helburua.

Topaketa hauetan, talde dinamika batzuen bitartez, Urdirotzko oroitzapenak, anekdotake eta bizipenak jasoko dira, besteak beste. Aldi berean, bilkura aprobetxatuko da dinamizatzaileek dituzten argazki eta material batzuk erakusteko eta baita jendeak izan ditzakeen argazki zein bestelako materiala batzeko ere. Hitzordua irekia izango da Urdirozen ibili diren guztientzat. Saioa goizeko 09:30ean hasiko da, eta interesa dutenek www.udalekuak.eu/topaketak webgunean izena eman beharko dute. Era berean, urdiroztarren informazioa Facebook sare sozialean jarraitzeko modua ere badago, “Urdirozko lagunak” orrialdean.

Juan Martin Elexpuru, Bergarako idazle eta Badihardugu eta Ahotsak.com taldeetako kideak egingo du liburua, eta lan-sistema ondokoa izango da: “Liburuan jasoko dugu historiaren azterketa kronologikoa, baita Urdirotzen umeekin egiten ziren ekintzak ere. Ezin da ahaztu euskal udalekuen hasierako zein ondorengo helburua izan zela haurrek uda garaian euskara ez galtzea. Udalekua zen giro euskaldunean  hamabost egun pasatzeko modu bat, eta edukietan hori hartzen zen kontuan; euskal kulturaren heziketa oso garrantzitsua izan da”.

DVDari dagokionez, alde batetik, zenbait grabazio egin dituzte (esate baterako, euskal udalekuen sortzaileetako batekin) euskal udalekuen sustraia jasotzeko. Bestalde, grabazio horrekin eta zenbait argazki eta irudi zaharrekin muntaia egingo da, 20-25 bat minutukoa, eta 2013an argitaratzea da asmoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide