Minbiziari buruzko solasaldia antolatu dute ostiralerako, Zarautzen

Urola Kostako Hitza 2013ko otsailaren 25a

Zarauzko Udaleko Gazteria sailak Zer daukat? minbizia duten nerabe eta adingabekoei zuzendutako gida argitaratzeko laguntza eman zion Aspanogi Gipuzkoako haur minbizidunen guraso elkarteari. Elkarlan horri jarraiki, solasaldia antolatu dute ostiralerako, martxoaren 1erako. Nerabe eta gazteei zuzendutako saioa izango da eta bertan, minbiziaz "argi" hitz egingo da. Lehenbiziko zatian, Nekane Lekuona Aspanogi elkarteko Gizarte laguntzaileak, modu grafikoan, minbizia zer den eta zein ondorio dituen azalduko ditu. Bizi dituzten faseak eta bertan izaten dituzten sentimentuen inguruan jardungo du. Beraz, "oso lagungarria izango da gaixotasun hori bizi duenari babesa eta laguntza emateko eta  gaixoaren jarrera ulertzeko".

 Solasaldiaren bigarren zatian, minbizia pasatu duen nerabe baten istorioa ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek eta  argazkien bidez, zenbat aldaketa bizi dituzten jabetzeko. Bukatzeko, bertaratu direnen kezkak argituko dituzte.

Gaztelekuan izango da solasaldia, 18:00etatik aurrera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide