Corrugados Lasao enpresa (Nerea Uranga/Urola Kostako HItza)
Alfonso Gallardo Taldea Corrugados Lasao enpresa saltzeko negoziatzen ari da. Horixe besterik ez dakite Lasaoko lantegiko langileek, "oso gutxi dakigu. Enpresak plantaren salmenta ixtear duela esan digute, eta atzo (osteguna, otsailak 21) enpresako kudeatzailea Madrilen izan zen bilera batean. Sevillako enpresaren bat erostekotan dabilela esan digute, baina ez dakigu enpresaren izenik eta ezta salmenta nola gauzatuko den". Orain informazio eske hasi beharko dutela diote Corrugados Lasaoko langileen ordezkari sindikalek, "salmenta zer eta nola gauzatzen den galdezka hasi beharko dugu". Dena den, "tentuz" ibili beharko dutela diote, "aurrekariak hor daude, Brasilgo CSN enpresarekin salmenta itxita zegoela esan ziguten lehen eta dena bertan behera gelditu zen. Beraz, adi ibili beharko dugu oraingo honetan". Corrugados Lasaon gaur egun 67 langile ari dira lanean, bertako Enpresa Batzordea ELAko hiru ordezkarik eta LABeko bik osatzen dute.
Iaz Lana Erregulatzeko Txostena ezarrita izan zuten Corrugados Lasaoko langileek. Aurten, ordea, txostenik ez dute aurkeztu enpresako nagusiek. Langileak lanera joaten dira, baina zer egiteko gutxi dutela diote, "ekoizpenerako materiala falta dugulako". "Material gutxi daukagu eta ez dute ekartzen. Horregatik, zerbait usaintzen hasita geunden langileek: zerbait txarra zetorrela edota salmentaren batekin ote zebiltzan... Gallardo Taldea egoera ekonomiko txarrean zegoela eta eroslerik balego planta saldu egingo zutela esana ziguten nagusiek. Eskaerak baditu enpresak, baina horiei erantzuteko materialik ez digute bidaltzen. Guretzako irtenbide onena planta saltzea da", dio Corrugados Lasaoko ordezkari sindikal batek.