Itxaropenako langileek kaleratzeak eta jazarpen sindikala salatu dituzte

Urola Kostako Hitza 2013ko otsailaren 22a

LABeko ordezkariak eta Itxaropenako langileak gaur goizean elkarretaratzea egin dute, 'Despidorik ez Itxaropenan. Errudun Pello Unzurrunzaga' lelopean. ARGAZKIA: AMAIA VENTAS

Itxaropena enpresak «arrazoi ekonomikoak» argudiatuz, bi langile, Martxel Arrizabalaga eta Juan Carlos Fernandez, kaleratu ditu.  Pello Unzurrunzaga nagusiak «denboran atzera hasitako estrategia» baten ondorioz kaleratu dituztela salatu du LAB sindikatuak, ordea, «arrazoi ekonomikoekin «zerikusirik» ez duten arrazoiengatik.  Hori dela eta, elkarretaratzea egin zuten beharginek pasa den ostiralean. Dozenaka bildu ziren  lantegi atarian, Despidorik ez Itxaropenan, errudun Pello Unzurrunzaga pankartarekin. 2012an langileekin «ezer adostu gabe» eta «modu inposatzailean malgutasunean oinarritutako sistema erabat arbitrarioa» ezarri nahi izan zuela azaldu dute: lana zegoenean lan egitea eta lanik ez zegoenean beharginak etxera bidaltzea, «horrek lan baldintzetan eta soldatetan duen eraginarekin». «Inposaketa» horri erantzuteko, langileek neurri horiekiko «erabateko desadostasuna» agertu eta ez zuten lan baldintzen aldaketa onartu.  Horren aurrean, zenbait langilek «nagusiaren aginduei jarraituz» langileen ordezkaria errebokatu eta bere ordez «inposaketak onartzeko prest» zegoen beste ordezkari bat izendatu zuten. Hori gauzatu bitartean, Unzurrunzagak ezarritako «zigor, presio, jazarpen sindikal eta irainak» jasan behar izan dituztela salatu dute langileek, eta azkenik kaleratzeak gauzatu dituela. «Kontuan izanik legearen arabera langileen ordezkariak ezin direla kaleratu ordezkari izateari utzi eta urte pasatu arte, eta kasu honetan kaleratzea orduan gertatu zela, garbi ikusten da nagusiak kaleratze hauek aurrez erabakita zituela», azaldu dute LABetik. «Erabat onartezintzat» jo ditu kaleratze horiek, «arrazoi bakarra LABeko ordezkariak bere karguari dagozkion betebeharrak betetzea izan delako». Hori guztia kontuan izanda, behargin horiek beronartzeko eskatu eta Unzurruzagak aurrera eramandako «jazarpen sindikala eta kaleratzeak» salatu ditu sindikatuak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide