«Banekien ipuineko protagonistak neska eta irakurzalea izan behar zuela»

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko otsailaren 22a

Bigarren aldia da Oihane Fernandez (Algorta, Bizkaia, 1986) Lizardi Sarira aurkeztu dela. Lehenbizikoan saritu ez zutenez, tematu eta bigarrengo aldian lortu du saria. 3.700 euro eskuratu ditu, eta horrez gain, Labarreko itsasargia-ren 2.500 ale argitaratuko ditu Zarauzko Udaleko Kultura Sailak, herriko ikastetxeetako ikasleen artean banatzeko. Hala, helburuetako bat beteko du: bere lanak haurrek eta gazteek irakurtzea. Zer moduz jaso duzu saria? Espero al zenuen? Ez, inondik inora. Sorpresa handia izan da. Pasa den urtean aurkeztu nintzen lehiaketara lehenbiziko aldiz, baina bestelakoa zen egoera. Sariketara lanak aurkezteko epea baino bost egun lehenago amaitu nuen ipuina; korrika eta presaka idatzi nuen zer edo zer. Aurten, ordea, patxadaz hartu dut, eta azkenean sorpresa eraman dut. Aurreko urteko arantza kentzeko aurkeztu al zara lehiaketara? Alde batetik, bai. Arantza ez dakit baina pikea edo horrelako zerbait banuen... Espresuki sari honetarako sortu al duzu Labarreko itsasargia? Hori da. Niri txikitatik gustatu izan zait idaztea, baina duela urtebete inguru-edo berreskuratu nuen zaletasuna, Lizardi Sarirako lana prestatzen hasi nintzenean. Normalean haurrentzako narrazio laburrak idazten nituen, eta sariketa hori ezin hobeto egokitu zitzaidan. Are gehiago, Zarauzko haurrentzat eginiko lana da. Azkenean kostaldean kokatu nahi nuen, jakinda kostako haurrentzat izango zela. Zer argitzen du Labarreko itsasargia-k? Abentura eta misteriozko kontakizuna da. Eta horren baitan, erdi ezkutatuta, maitasun istori bat kontatzen dut. Neska gaztetxo bat bere osaba farozaina bisitatzera joaten da, oporraldia pasatzera, eta bertan gertatzen zaizkion abenturak kontatzen ditu. Zer du berezia Labarreko itsasargia lanak? Egia esan, ez dakit zergatik aukeratu duen epaimahaiak. Freskoa da, baina ez du berezitasun handiegirik. Esan bezala, ez da haurrentzat edota gaztetxoentzat ipuinak idazten dituzun lehenbiziko aldia. Erraza egin al zaizu alde horretatik? Bai, erraza egin zait. Hasieratik nekien zeri buruz edo non kokatu nahi nuen ipuina, baina azkenean korapiloa askatzea kostatu egin zait. Banekien baita ere protagonistak neska behar zuela izan. Orokorrean, literaturan mutilak izan dira abenturazaleak; neskak gehiago dira pasiboak, etxean zain geratzen direnak edo. Abenturazaleaz gain, irakurzalea izatea ere nahi nuen, gazteengan irakurzaletasuna bultzatzeko. Uste dut oso garrantzitsua dela hori, haurrengan batez ere. Liburuek ere badute bere puntua narrazioaren barruan. Sari honek haur eta gazteen literatura egiten jarraitzeko bultzada eman al dizu? Ez dakit haur edo gazteen literaturan, baina literaturan orokorrean, bai. Azkenean bultzada bat da. Zuk idatzi egiten duzu, eta ez dakizu norbaitek irakurriko duen edo nonbaitera iritsiko den lana. Saria jasotzeaz gain, zure lana argitaratzea amets bat da azkenean.  Idazle baten helburua da bere lanak jendeak irakurtzea, eta sari honi esker Zarauzko umeek irakurriko dutela bermatuko da. Izan ere, Labarreko itsasargia-ren 2.500 ale argitaratuko dira. Bestelako proiekturik ba al duzu aurrera begira? Printzipioz, helduentzako narrazio laburretan nabil lanean. Ea zer ateratzen den. Literaturan jarraitzeko intentzioa daukat, hori ziur.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide