Herritarren indarra ere babes

Ane Olaizola 2013ko otsailaren 20a

Azkoitian 2003an egin zuten elkarretaratzearen irudi bat. (Maxixatzen) Euskaldunon Egunkaria itxi bezain pronto, haren aldeko batzordeak sortu zituzten han-hemenka, proiektuari jarraipena emateko gauzatzen hasi zen ekimenari herritarrek babesa eman ziezaioten. 2003ko otsailaren 20an Guardia Zibilak hegoaldeko egoitzak itxi eta hamar pertsona atxilotu zituztela jakin bezain laster hasi ziren herritarren ekarpenak jasotzeko lanean herri batzordeak. Babesa berehalakoa izan zen; polizia operazioa izan zen egunean bertan egin zituzten lehen elkarretaratzeak, eta bi egunetara, Donostian inoiz egin den manifestaziorik handienera abiatu ziren dozenaka autobus eskualdetik. Zarautzen, ZEA Zarautz Egunkaria-ren Alde taldea zegoen Euskaldunon Egunkaria sortu zenetik, eta honen itxierarekin batera berriro batu ziren; «Egunkaria itxi bezain pronto, ‘ezinezkoa da’ eta ‘kauen sos’ batzuk bota ondoren elkartzeko deia egin genuen», gogoratzen du Paloma Gabirondok, batzordeko kideetako batek. «Amorru handia sentitu genuen. Euskarak etorkizunik izateko, Egunkaria behar-beharrezko ikusten genuen hasieratik, eta hura ixtea izugarrizko erasoa izan zen», gaineratu du haren kide Andres Odriozolak. Amorrazio horrekin egin zuten lehen bilera 100 lagunek, eta handik sortu zuten batzordea. Hamar zarauztar aritu ziren buru-belarri lanean, eta bileraz bilera lehenengo ekintzak antolatzen hasi ziren; «handik gutxira Inauteriak ziren, eta herrian desfile-manifestazio bat antolatu genuen, Alproja taldeak zeukan itsasontzi batekin», dio Gabirondok. Ordutik dozenaka ekintza egin zituzten herrian; hala nola, Egunkaria-ri babesa emateko Amenabar Eskubaloi Taldeak partida eskaini zuen, eta Munoan antolatu zuten bazkarian ehunka herritar elkartu zituzten; Egunkaria aurrera! lelopean, kartelak ere egin zituzten, eta Zarauzko denda guztietan banatu zituzten, erakusleihoetan jar zitzaten; «oraindik ere Lau okindegiak badu kartela jarrita». Zarautzen ez ezik, eskualdeko ia herri guztietan sortu zituzten batzordeak; Maxixatzen Kultur Elkarteak karpeta berdea du Azkoitiko batzordek eginiko lanaren erakusgarri; hori du oroimenaren kutxa, eta hor du urtebete osoko lana; antolatu zituzten ekintza guztien kartelak, agiriak, fakturak dituzte bertan. «Guztia legearen barruan eta modu gardenean egin behar genuen, badaezbada ere», adierazi du Irene Elorza taldeko kideak. Taldea martxoaren 3an elkartu zen lehenengo aldiz; «aurreneko bileran jendeak hitz egiteko beharra zuen, eta gauzak teorizatzen hasi ginen; baina berehala ohartu ginen hitzetatik ekintzetara pasatu behar genuela», gogoratzen du. Andoaindik, Egunkaria-ren egoitza nagusitik, jasotako pautei jarraituz hasi zuten bidea eskualdeko batzordeek, eta bakoitzak bere norabidea hartuko zuen pixkanaka. Azkoitian zozketek hartu zuten garrantzia nabarmena; «asteburuero jartzen genuen mahaia; materiala saltzen genuen, ekarpen ekonomikoak jaso, eta zozketak egin; zozketa pila bat egin genituen, eta oso harrera ona izan zuten». Apirilaren 6an Korrika pasatu zen Azkoititik, eta Egunkaria-ren aldeko batzordeari utzi zioten herriko «zatirik politena». Kazetaren aldeko elastiko urdina soinean eta lekukoa eskuan zutela, Plaza Berri zeharkatu zuten, «Egunkaria aurrera!» oihu artean eta herritarren berotasunean; «hunkigarria izan zen oso». Herritarrek «izugarrizko laguntasuna» erakutsi zuten auziarekiko, eta horren lekuko da azaroaren 21 hartan antolatu zuten Kutxidazu bidea, Ixabel antzezlan ezagunaren emanaldia. Goraino bete zen Baztartxo, eta hainbatek kanpoan geratu behar izan zuten. Prozesu horretan, Maxixatzen batzordearen «epizentroa» eta «motorra» izan zela azpimarratu du Elorzak. Honen arabera, egoeraren larritasunaren aurrean bat egin eta gogor lan egiteak herrian eta taldean bertan laguntasunari ateak ireki zizkion. Termometroa, gora Azkoitian 36.872 euro lortzeko helburua jarri zuten, eta ekarpen ekonomikoa neurtzeko termometro bat sortu zuen taldeak; «ilusioa gora eta gora zioan». Eta goia jo zuen. Aurreikuspenak gainditu egin zituzten eskualdeko herri guztietan; Zarautzen, 60.000 euro eta 400 harpidedun lortzea zehaztu zuten, eta kanpaina amaitzerako aurrez ezarritako harpidedun kopurua lortzeaz gain, 700 akziodun lortu, eta 99.000 mila euro jaso zituzten. Azpeitian ere indar handia izan zuen auziak; herritarren babesak aurrez ezarritako helburuak gainditu zituen han ere; akzioetan 59.000 euro lortzeko helburua jarri zuten, eta 61.520 euro lortu zituzten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide