Kike Amonarrizek abiatuko du gaur euskarari buruzko hitzaldi zikloa Zumaian

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko otsailaren 20a

Gaur iluntzean abiatuko dute Zumaiako Alondegian Euskara, bestela ez gara hitzaldi zikloa. Bertan euskararen egoeraren inguruan hausnartuko du hainbat hizlarik. «Euskararen gaian adituak direnek aipatzen dute etapa baten amaierara iritsi garela, eta hemendik aurrera diskurtso aldaketa bat eman beharko dela. Zein aldaketa gertatu diren eta euskara normalizatzeko kontuetan aurrerantzean zein bide hartu behar dugun helarazi nahi diegu zumaiarrei», azaldu dute Zumaiako Udaleko Euskara Zerbitzuko ordezkariek. Kike Amonarriz soziolinguista, umorista eta telebista-aurkezleak abiatuko du gaur arratsaldean hitzaldi zikloa. Tolosarrak hizpide izango ditu hizkuntza komunitateak XX. mendeko azken erditik aurrera globalizazioaren, digitalizazioaren eta komunikatzeko aukera eta modu berrien eraginez jasan dituen aldaketak. Zumaiako Udaleko Euskara teknikari Josune Herrartek uste du euskararen gaiaren inguruan herritarrak erlaxatu egin direla: «Gazteek eta haurrek euskara txikitatik jaso dute eskolatik, eta ez dira jabetzen nondik gatozen eta euskararen normalizazioaren borroka zein den; horiei errealitatea erakutsi nahi diegu». Euskararen hainbat ikuspegi Iaz abiatu zuten lehen aldiz Euskara, bestela ez gara hitzaldi zikloa, eta «oso harrera ona» izan zuen herritarren artean. Aurten hizlariak aukeratzerakoan gai aniztasuna bermatzen saiatu dira antolatzaileak. «Euskararen egoera zentzurik zabalenean hartu nahi izan dugu; euskararen egoerari buruzko ikuspegi desberdinak biltzea da ekimenaren erronka». Horretaz gain, momentuko gaiak ere jorratzen saiatu dira. «Hizkuntza ekologia, esaterako, pil-pilean dagoen gaia da. Asko hausnatu dute adituek horren inguruan, baina gaia oso gutxi gizarteratu da eta martxoaren 13an Belen Uranga zumaiarrak emango duen hitzaldian horretarako lehen urratsak emango ditugu», azaldu dute. Gazteei buruz hurrengoa Gazteen inguruan ere hausnartu nahi izan dute. «Euskararen kale neurketan jasotako emaitzen arabera, Zumaian gazteak dira haurren ondoren euskaraz gehien hitz egiten dutenak. Badakigu hori ez dela horrela herri guztietan eta, horregatik, Jone Miren Hernandezek landuko du gaia», Euskara Zerbitzuko ordezkarien hitzetan. Datorren asteazkenean izango da Hernandez antropologoaren txanda. Euskarak egindako ibilbidean gazteak zein unetan dauden eta zer eskaini deizaieken euskarari aztertuko du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide