Iñaki Uria: «Kalte handia egin zen eta horrek ez du erreparaziorik»

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko otsailaren 20a

(Aritz Mutiozabal/Hitza) Hamar urte igaro dira Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria itxi zuenetik, eta oraindik ere zauriek zabalik jarraitzen dute. Odolik botatzen ez badute ere, Iñaki Uriaren (Zarautz, 1960) «zauriek hor jarraitzen dute». Orduko eta egungo bizipenen balantzea egin dio Hamaika telebistako zuzendariak UROLA KOSTAKO HITZA-ri. Epaiketa izan zen eta absolbitu zintuzteten. Baina ordainarazi ere egin zizueten. Hamar urte ondoren, orokorrean sentsazio gazi-gozo horrek jarraitzen al du? Bai, noski. Hor kalte bat egin da eta kalte horrek ez dauka erreparaziorik, ez arlo pertsonalean ezta enpresa mailan ere. Egunkaria likidatu zuten, bai enpresa bezala, bai sortzen ari zen talde bezala. Horrek erosle eta irakurleengan eragina izan zuen, eta horrek ez du erreparaziorik. Atxilotuak izan ginenok sufritutakoak ere ez, ez atxiloketa garaian, ez kartzelan, ez epaitegietatik pasatu ginenean... Hamar urte igaro dira eta oraindik istorioa ez da bukatu. Horrek guztiak badu pisua eta badago kalte bat egina. Hori oso gogorra da. Alderdi positiboa da ikustea erreakzio bat egon zela, protestatu zutela eta horrek ondorio baikorrak izan zituela. Gauza berriak sortu ziren, Berria eta HITZA-k, hain zuzen. Erantzuna izan zuen, euskal kazetaritza ikuspegitik. Hamar urte pasa eta gero balantzea eginda, ordea, politikoki ez dira baldintzak sortu orduko egoera hori berriz ez errepikatzeko. Eta, alderdi pertsonalean? Momentu haiek oso biziak eta gogorrak izan ziren; batez ere atxiloketa eta kartzela garaiak, baita kanporatu gintuztenekoak ere. Aldaketak gertatu ziren taldean, jendearengan, lagunetan... Gauza horiek guztiak aldatu egin dira. Sentipenak ez dira baretu, baina ez daude orduan bezain bizi  eta ziurrenik zauriek ez dute odola botatzen bor-bor. Hori bai,  batzuri behinik behin, zauriak barruan geratu zaizkigu eta geratuko zaizkigu. Hori inork ez digu kenduko. Batzuk horiek ez gara gu bakarrik; euskalgintzako jende askok orduan pasatu zuen beldurra hor dago. Askotan beldurra okerragoa da mina baino, beste efektu batzuk izaten baititu. Orain ziurrenik ahaztuxeago daude, baina momentuan oso potoloa izan zen. Nik agian gaur egun lasaiago bizi ditut momentu horiek. Ez da duela hiru urteko epaiketa garaia bezala; alde horretatik, lasaiago gaude. Lasaiago eta aldatuta, beste zeregin batzuekin. Euskarari, euskal kulturari... egindako eraso hori gaur egun errepikatzeko aukerarik badagoela uste al duzu? Zaila ematen du, baina nork daki. Egun ere PPk gobernatzen du Espainian, eta gehiengo absolutuarekin, gainera. Eta legediak ez dira aldatu, Espainiako Auzitegi Nazionalak hor segitzen du,  Guardia Zibilak hemen jarraitzen du... Garai hartan ikusi zuten egin behar zutela, eta egin egin zuten. Gerora ikusi dugu horrek kostu politiko zein ekonomikorik ez duela izan haientzat. Hori dela eta, ni ez nintzateke fidatuko. Orduan ere jende gutxik sinisten zuen halakorik gerta zitekeenik. Ez zuten sortu tresnarik halakorik berriz ez errepikatzeko. Orduan testuingurua zen, zegoena: Juan Jose Ibarretxe zen lehendakaria eta Jose Maria Aznarren bigarren agintaldia zen Espainian. Lehenbizikotik bigarren legealdira asko gogortu zen egoera Aznarren gobernuan. Acebes-eta zeuden eta ikusi zuten zegoenarekin ez zela nahikoa, mailaz igo behar zutela. Horregatik, apaltzen saiatu ziren, ahal zela berdin geratzeko.  Hori politikoki kalkulatu zuten, eta nora jo pentsatu. Eta Euskaldunon Egunkaria-ra jo zuten. Hurrengo pausoa gobernura jotzea zen, ez atxilotzeko, baizik eta suspenditzeko-edo. Kataluniak egun abiatu duen bidea abiatuta—hemen ez dirudi inor martxa handian dabilenik—  gaur zer egingo duten ez dakigu. Hala ere, denbora eman behar zaio. Espainiak bere historian erakutsi du astakeria handiak egin dituela. Egunkari bat ixtea XXI. mendean astakeria galanta da, baina egin egin zuten, eta ez behin bakarrik. Egin itxi zuten aurretik eta oraindik zuzendaria, zuzendariordea eta zuzendaritzako kideak kartzelan daude. Horrelako gauzak ahaztu egiten zaizkigu, baina hor jarraitzen dute. Horregatik, ni ez nintzateke fidatuko. Nola erantzun daiteke horri? Kartzelatik atera nintzenean zera esaten nuen: baldintza politikoak sortu behar zirela hori berriz ez gertatzeko. Euskaldunak gara, euskal herritarrrak, eta teorikoki behintzat, espainiarrak. Espainiako estatuak uste du hortik kanpo beste zerbait izan nahi dugula. Horren aurrean horrelako neurriak hartzen ditu: Auzitegi Nazionala bezalako bat jartzen du martxan, makinaria polizial guztia ere bai... halakoak mozteko. Ez gaitu tratatzen herritar bezala, etsai gisa baizik. Kolpatzen gaituzte, eta nahi dute beraiekin etxean bizitzea, elkarri maite-maite eginez.   Auzi nagusia amaitu zen baina auzi ekonomikoa oraindik argitzeko dago. Zein puntutan dago egun? Egun auzia Donostian dago, eskaera egin zelako. Dignidad y Justicia elkartea epaileak auzitik kanpo utzi zuen—auzian parte hartzeko zilegitasunik ez duela esan zuen epaileak, bere estatutuen arabera «terrorismoarekin» lotutako delituen kasuan soilik aritzeko helburua duelako—, eta beraz, herri akusaziorik ez dago. Horrekin batera, fiskalak BEZari lotutako ustezko delituak erretiratu zituen. Orain, froga batzuk daude eskatuta diru laguntzetan deliturik egon zen ala ez argitzeko. Gainontzean, epaiketarako bidean dago auzia. Gure helburua da epaiketarik ez egitea, baina oraingoz epaitegietan dago auzia. BEZaren gaineko ustezko delitua erretiratuta, kontabilitatean irregulartasuna egotzi digute. Eusko Jaurlaritzak urtero laguntzak ematen ditu defizitik ez izateko, eta hauek argudiatzen zuten irabaziak genituela. Ez da egia: diru-laguntza guztiak beti ongi erabiliak izan dira, proiekturako. Gainera, Eusko Jaurlaritzak—hiru gobernu izan dira 2008an auzi ekonomikoa hasi zenetik— hainbat informe egin ditu diru- laguntzetan ez dela arazorik izan azaltzeko. Hala ere, oraindik ere puntu horretan nolabait katramilatuta jarraitzen dugu. Nola ikusten duzu auzia? Epaiketa, egia esan, putakeri galanta da; epailearen aurretik pasatu behar duzu, horrek lana ematen dizu, prestatu egin behar duzu... Zortzi lagun gaude auzipetuta [Joan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi, Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu, Begoña Zubeltzu eta Uria bera] eta zigor eskaerak ikaragarriak dira. Hasieran 26 urterainoko kartzela zigorra eskatzen zuten eta 33 milioi euroko isuna bakoitzari. Gerora, gutxitzen joan dira eskaerak. BEZaren ustezko iruzurrarena kenduta, 18 urte eta lau hilabete murriztu dute  gutxi gorabehera kartzela zigorra eta,  33 milioi euroko isuna beharrean, bakoitzari 31 milioi euro eskatzen dizkigute. Oraindik ere eskaera horiek dira eta horren aurrean defendatu behar dugu. Egia esan, Espainian ustelkeriarekin zertan dabiltzan ikusita, nik paso egiten dut. Euskal Herriko zein Kataluniako herritarrek emandako erantzuna alderdi positibotzat jo duzu. Kontzientzia  horrek egun islarik ba al du? Normala den bezala, beroan ematen diren erreakzioak eta elkartasuna  gerora lasaitzen joaten dira, baretzen. Guk laguntza eskatu izan dugun bakoitzean jendeak erantzun du, egia da. Ez da lehenbiziko egunekoa bezalakoa, baina nik uste egun ere, egon badagoela. Egunkaria itxi zutenean jendearen bizkarrezurrea ukitu zuten, muin-muina. Eta hain zuzen, horregatik izan zen halako erreakzioa eta halako elkartasuna: jendeak pentsatzen zuelako berari gerta zitzaiokela halako zerbait. Kataluniarrena adibide garbia da. Izugarrizko babesa  eman zuten bazekitelako hurrengoak beraiek izan zintezkeela. Euskal Herrian ere, euskalgintza eta beste hainbat alorretako jendea elektriko jarri zen, katuak txakurren aurrean jartzen diren moduan. Gaur egun ezberdina da, jendeari ahaztu egiten zaizkio halako gauzak. Hori normala da. Zoritxarrez, euskal prentsaren historiari erreparatzen badiogu, hazkunde puntu nagusiak ez dira naturalak izan;  kolpe batean eman dira, gainera. Egin itxi zutenean igo zen gehien Egunkaria, eta gauza bera gertatuko litzateke Berria-rekin, Egunkaria itxi zutenean. Bi hazkundeak antinaturalak izan ziren, eta ez gure indarrez lortutakoak. Hazkundea naturala izan dadin, egin behar da produktu on bat, zabalkunde egokia eman, marketing ona egin, etengabe.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide