Zinemako diseinatzaileen inguruko zinema-zikloa antolatu dute Balentziagan

Getariako Hitza 2013ko otsailaren 19a

'Alta costura' filma. Zinemaren eta moda-munduaren arteko harremana aztertze aldera, Cristobal Balenciaga Museoak zinema-ziklo bat antolatu du. Jantziek eta janzkerek presentzia nabarmena duten sei film klasiko emango dituzte, etzi hasi eta uztailera arte; saioak 19:00etan hasiko dira, eta dohainik emango dituzte. Egitasmoan ikusgai izango diren jantziak goi-mailako joskintzako izen handiek diseinatutakoak dira; hala nola, Christian Dior, Givenchy, Yves Saint Laurent, Paco Rabanne eta Cristobal Balentziaga berarenak. Hain justu ere, estreinako film emanaldian Balentziagaren diseinuak ikusi ahal izango dira, Luis Marquinak 1954an zuzenduriko Alta costura ekoizpenean. Goi-mailako joskintzako areto dotore batean eta sasoiko modelo artean gertatzen da istorioa. Dena ondo doa, Tona modeloak mutil-lagun ohia hilda topatu arte. Poliziak susmagarritzat joko du. Moda-erakusketaren amaieran, ordea, hiltzailea aurkituko dute, ezohiko gertaera bat dela medio. Guztia argituta, Tonak modelo arrakastatsu izaten jarraituko ahal izango du. Egitaraua Etzi, otsailak 22: Alta costura (Balenciagaren jantziak). 1954. urtea. Zuzendaria: Luis Marquina. Martxoak 1: Breakfast at Tiffany’s (Givenchyren jantziak). 1961. urtea.  Zuzendaria: Blake Edwards. Apirila 26: Arabesque (Dioren jantziak). 1966. urtea. Zuzendaria: Stanley Donen. Maiatzak 24: Barbarella (Rabanneren jantziak). 1967. urtea. Zuzendaria: Roger Vadim. Ekainak 14: How to Steal a Million (Givenchyren jantziak). 1966. urtea. Zuzendaria: William Wyler. Uztailak 12: The Hunger (Yves Saint Laurenten jantziak). 1983. urtea. Zuzendaria: Tony Scout.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide