GR-121 bidea egokitu nahi du Espainiako Gobernuko Ingurumen Ministerioak
Hiru dira egun Donostia eta Orio Igeldotik barrena lotzen dituzten mendi bideak. GR121 bidea da
gizakiaren eragin gutxiena izan duena, baina, era berean, itsasotik gertuen dagoena ere bada. GR121 bideak dituen paisaia ikusgarriak aprobetxatuz, Espainiako Ingurumen Ministerioak Donostia eta Orio arteko zatia egokitzeko proiektua egin du.
Orioko alkate Beñat Solaberrietak azaldu duenez, Ingurumen Ministerioak ordainduko luke egokitzapen lan guztia. «Orioko Udalak egokitzapen horiek egin ahal izateko hainbat lur zati desjabetu beharko du, eta hori 27.000 euro kostako zaio udalari. Ondoren bidearen mantenua Orioko Udalaren gain geratuko da».
4 milioi eurko aurrekontua
Proiektuak 4 milioi euroko aurrekontua du. Horren arabera, 13,6 kilometroko luzera duen bidean zehar panel informatiboak, egurrezko zubitxoak eta eusteko egiturak jarriko dituzte, eta lurra «hobetuko» dute, hartxintxarra botaz. Hala, oinezkoek eta txirrindulariek erabiltzeko aukera izango dute.
Gainera, Orioko Antilla hondatza inguruan bi behatoki egiteko asmoa dago. Horretaz gain, ibilbidearen erdi aldean mahaiak eta eserlekuak izango dituen atseden gune bat ere jaso dute proiektuan.
Espainiako Ingurumen Ministerioak proiektua aurkeztu zuenean batzordean udal taldeek aho batez baiezkoa eman zioten egitasmoari. «Dena dela, ez dago onartuta. Desjabetzak egin behar direnez, udalbatzarretik pasa behar delako», azaldu du Solaberrietak.
«Onurarik ez»
Orio eta Donostiako natur elkarteak ez daude Espainiako Ingurumen Ministerioak abiatu nahi duen egokitzapen lanekin ados. «Lau milioi euro gastatu behar badira, gasta ditzala Ingurumen Ministerioak natura sustatuko dituen ekimenetan», diote Herrioko kideek.
Uste dute bidea egokitzeak ez duela inolako onurarik izango inguruarentzat. «Aldaketa bakarra paseatzeako asmoa duen ibiltariak bi bideren artean aukeratu beharrean hiruren artean aukeratu ahal izango duela da. Botak jantzi ohi dituen mendizalea zapatak jantzita atera ahalko da etxetik».
Proiektua onartzeke
Herrio Natur Taldea egokitzapen lanek bertako landaredian eta animalietan eragin ditzaketen ondorioen «beldur dira». «GR121-ak
Hyla meridionalis-en habitata hartzen du bete-betean, baita arrabioarena, baso igel gorriarena, eta hainbat landare-espezie berezirena. Lurra hobetuta, bidea zabalduta, eta mendiko etorbidea bihurtuta, ez dakigu nola eragingo dien horrek espezieei».
Orioko Udalak proiektua batzordean aztertu ondoren jakin zuen natur taldeen iritziaren berri. «Herrioko kideekin bildu ginen haien iritzia ezagutzeko, eta emandako arrazoiak entzun ondoren, gaiaren inguruan hausnartu egin behar dugula ikusi dugu. Azkenean Udalbatzak ezezkoa erabakitzen badu, ez da egokitzapenik egingo bidean».