Hitano ikastaroko ikasleak, eta eskuinean Iñaki Iturain irakaslea. (Argazkia: Orioko Udala)
Gero eta zailagoa da eskualdeko herritarrak euren artean hika hitz egiten entzutea. Hikaren erabilera sustatzeko hitano ikastaroa eta mintzapraktika programa abiatu dute eskualdeko euskara batzordeek.
Mintzapraktika saioak abiatu aurretik ordea, herritar talde bat hitanoaren gramatika eta erabilera arauak errepasatzen ari aritu da azken astetan. Eskualdeko 17 lagun ari dira egiten Urola Kostako Udal Elkarteak eta eskualdeko udaletako euskara zerbitzuek antolatutako hika ikastaroa.
Laster mintzapraktika
Ostegunero biltzen dira hitano ikasleak Zarauzko Udal Euskaltegian bi orduz, 18:30etik 20:30era bitartean. Iñaki Iturain da ikastaroko irakaslea eta oriotarra oso gustura dago taldeak hartu duen dinamikarekin. «Giro ona dugu eta talde polita osatu dugu» azaldu du Iturainek.
Dagoeneko lau saio egin dituzte eta, beraz, bakar bat geratzen zaie saio teorikoak bukatzeko. Ondoren, beste lau saio egingo dituzte, hitanoaren mintzapraktika lantzeko. «Oraindik ez dugu zehaztu zein metodologia eta talde dinamika jarraituko dugun mintzapraktika saioetan. Niri gustatuko litzaidake, ikasle guztiek euren artean hika hitz egiteko aukera izatea.
Ikastaroan parte hartzen ari diren ikasleei dagokionean perfil desberdinak aurkitu daitezkela azaldu du Iturainek: «batzuek, edadetuenak, ohitura dute hika jarduteko beren eguneroko bizitzan eta maila ona daukate; beste batzuek, berriz, gazteenek, oso gutxi erabiltzen dute, edo batere ez». Iñaki Iturain irakaslearen iritziz «ona da» talde heterogeneoa izatea; «batez ere, mintzapraktikako saioei begira. Batzuek besteengandik ikasi dezaten aukera aproposa izango da».
Hitanoari tarte «handiagoa»
Oro har ekimenaren balorazioa eskatuta, Ituraini ikastaroak balio izan dio «konturatzeko zer gutxi lantzen den hitanoa irakaskuntzan eta hizkuntzen irakaskuntzan»: «Taldean badago, esaterako, Euskal Filologiako neska bat, sekula hitanoari buruz ezer ikasi ez duena bere ikas ibilbidean. Egia esan, neronek ere, euskara eskolak ematen nituenean, ez nuen hitanoa batere lantzen. Hor badugu hutsune bat, osatu beharrekoa. Toki gehiago eman behar diogu hitanoari» azaldu du.