Markel Fernandez, Aspanogiko zuzendaritzako kide Martin Sanchez, Aspanogiko gizarte hezitzaile Nekane Lekuona eta Gazteria zinegotzi Aser Lertxundi. (Argazkia: Oier Aranzabal)
Zer gertatzen zait? minbizia duten nerabeei zuzendutako gida kaleratu du Aspanogik. Madrilgo Haur Minbizidunen Gurasoen Elkarteak, Asionek, atera zuen lehenbizikoz, eta orain Gipuzkoako Haur Minbizidunen Elkarteak euskaraz argitaratu du, Zarauzko Udaleko Gazteria sailaren laguntzari esker. Gida horren helburua haurrak eta nerabeak gaitzari aurre egin diezaioten prestatzea da, eta horretarako tresnak ematea. «Minbizia duten nerabeen egoera eramangarriagoa izan dadin lagundu nahi dugu, eurek dituzten galdera eta kezkei erantzun egokia emanez». Izan ere, Lekuonaren arabera, askotan gurasoek edota medikuek ez dute jakiten erantzun aproposa ematen. Gida horretan, hain zuzen, «euren hizkuntzan» hitz egiten da: «Zer duten, zein bigarren mailako ondorio izango dituzten, zein etorkizun... Minbiziaz naturaltasun osoz hitz egitea da gure helburua. Finean egun oraindik ere tabu modukoa delako, are gehiago haurren eta nerabeen kasuan».
Ildo horretatik, elkartasuna eman eta gaitzari buruz normaltasunez eta edonon hitz egitea sustatu nahi dute, «institutuan, kalean, lagunartean, gaztelekuan, besteak beste»: «Gaixoaren ingurukoek ere material hori izatea gomendagarria da, egoeraz jabetu daitezen eta ulertzen lagun diezaieten».
Lau ataletan banatuta dago gida:
Zer daukat? (minbizia zer den eta proba ohikoenak, besteak beste),
Badakit zer daukadan (ospitalea, tratamenduak, irudi pertsonala eta albo ondorioak, besteak beste),
Sendatzen ari naiz (moldatze sentimenduak eta zainketen gida) eta
Etorkizuna (zalantzak eta normalizazioa). Horrez gain, terminoen glosarioa ere gehitu diote. Momentuz, Gaztelekuan egongo dira ale batzuk eskuragarri.
Bestalde, gida hori oinarritzat hartuta, gaiaren inguruko solasaldia ematea aurreikusi dute, normalkuntzaren alde.
Adin pediatrikoa zabaldu
Ostirala Haur Minbizidunen Nazioarteko Eguna zela-eta, Umeekin elkarteak adin pediatrikoa zabaltzearen alde idatzitako manifestua irakurri zuen Lekuonak. Hain zuzen, 16 urtera luzatu nahi dute hori, «gaixoa non, nola eta nork artatzen duen garrantzitsua delako»: «14 urtetik gorakoak zuzenean helduen onkologia zerbitzura bideratzen dira, baina nerabe baten tumoreak eta heldu batenak ez dute zerikusirik. Oso garrantzitsua da alderdi hori kontuan hartzea. Horregatik uste dugu ezinbestekoa dela adingabeko horien osasun behar bereziei erantzuteko bidea aurkitzea, besteak beste, osasun sistema publikoan espezialista propioa izatea, edo ezinbestean, gaixo horien adin pediatrikoa 16 urtera zabaltzea». Izan ere, ikerlan batzuen arabera, protokolo pediatrikoen bidez tratatzen direnek helduentzako prozedura aplikatzen zain nerabeek baino aukera gehiago dituzte onera egiteko.
«Badaude kasu zehatzak unitate pediatrikoetan tratatzea onartzen duten osasun zentroak, baina horiek gutxiengoak dira», nabarmendu zuen Aspanogiko gizarte hezitzaileak. Hori dela eta, Osakidetzari irizpideak «bateratu» eta 14 eta 16 urteko nerabe guztiek tratamendu bera jaso dezaten tratamendu egokiagoa emateko behar diren mekanismoak jar ditzan eskatu diote.