Gutuna: Inori kalterik ez

Baleike 2013ko otsailaren 18a

Zumaiako Puntanuetan, auzokideok auzokonposta egiten hastekoak ginen joan den otsailaren 3an. Geu aritu gara gunea prestatzeko lanetan, eta, azkenean, hilaren 2an amaitu genuen. Baina igande goizean ezusteko penagarria hartu genuen: norbaitek hesiak bo...

Zumaiako Puntanuetan, auzokideok auzokonposta egiten hastekoak ginen joan den otsailaren 3an. Geu aritu gara gunea prestatzeko lanetan, eta, azkenean, hilaren 2an amaitu genuen. Baina igande goizean ezusteko penagarria hartu genuen: norbaitek hesiak bota zituen eta konposta egiteko ontzia mugitu ere bai. Udalari jakinarazi ondoren, brigadak txikizioak konpondu zituen otsailaren 5ean.

Ekintza isolatua izan zitekeela pentsatu genuen hasieran, edo itxaropen hori genuen. Baina hilaren 6an, hesia berriro botata agertu zen. Hortaz, nahiko garbi dugu ekimena gustuko ez duen norbaitek burutu dituela erasoak.

Ulertzekoa norbaitek zalantzak izatea ekimen honen inguruan. Gure aldetik, gerturatzen den edonori bere zalantzak argitzen laguntzeko prest gaude. Baina ez dugu hau merezi.

Auzokonpostan parte hartzea erabaki dugu, ez diogu inori kalte egiten, eta, gainera, zabor organikoa gu geuk kudeatzen dugu -horrela gastuak murriztu eta ingurumenaren alde egiten dugu-. Bestalde, hemendik hilabete batzuetara emaitzak izango ditugu: konposta organikoa, gure etxeetan ditugun landare, zuhaixka eta baratze txikien pozerako.

Kontuak kontu, auzo bateko lagunak elkartu gara, ilusioz eta gogoz, eta horrelako ekinaldi bat aurrera ateratzea lortu dugu: sortzen dugun zaborraren zati bat geuk kudeatzea. Borondate onenarekin aritzen gara, gizarteari ere ekarpen txiki bat egiten diogulakoan. Gainerako bizilagunek eta herritarrek ere horrela ikustea nahi genuke. Hori da gure itxaropena.

Zumaiako Puntanuetako auzokonpostatzaileak

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide