2013ko Enbata trainerua estreinatu zuten atzo, Hondarribian. Zarauzko arraunlarien artean aldaketa ugari izan dituen ontzia 17. postuan sailkatu zen, irabazle izan zen Oriogandik minutu eta 22 segundutara.
Emaitza "nahi baino apalagoa" izan arren, arraunlariak "pozik" geratu ziren egindako lanarekin. 32-33 paladako erritmoan joan ziren kanporuntz "arraunean gozatuz". Jakinarazi dutenez poparean biziago ibili ziren, presa gehiegirekin eta hainbeste gozatu gabe. Jaitsiera estropada itsaso zabalean jokatu zela kontutan izanik, patroi lanetan Gaizka Garmendia aritu zen. Datozenetan, ordea, Iraitz Cordero izango du "bere ahalmena erakusteko aukera". Patroiaz gain, beste beteranoek ere osatu zuten trainerua: Joseba Azpiroz lizartzarra, Iban Ramos tolosarra, Lander Larrauri añorgatarra eta Kristian Erostarbe pasaitarrak, hain zuzen. Beste guztiak zarauztarrak eta oso gazteak direla jakinarazi dute ZAE Zarautz Arraun Elkartetik: Beñat Eizagirre 21 urte, Igor Gurutxarri 19 urte, Andoni Esnal 18 urte eta 20 urteko, Asier Mugertza, Joseba Crespo, Unai Agirre, Oinatz Arretxe , Edgar Tamellini eta Julen Emezabal.
Hobekuntza neurtzeko
Neguko prestaketa "aurreko urteetakoa baino arinagoa" egitearren batel eta aulki mugikorreko estropadak traineruarekin tartekatzen ari dira. Denboraldi aurreko jaitsiera horiek astetik astera egiten duten hobekuntza neurtzeko balioko die; izan ere, laster Oria ibaiko jaitsiera jokatuko dute. Hortik aurrera beste hainbat probatan parte hartzeko asmoa ere badute zarauzko arraunlariek.
Bateletan seniorrak laugarren
Senior mailako batelak ezin izan zuen igandean Pasai San Pedron liga hasierako garaipena errepikatu. Kale zozketak eta bezperako nekea medio, laugarren sailkatu ziren irabazle izan zen San Pedrogandik 10 segundotara.