Euskara batzordeak egitasmo bat abiatu nahi du aurten, herritarren artean euskararen aldeko jarrerak bultzatzeko eta, orokorrean, hizkuntz kontzientziazioan eragiteko. Horren harira Orioko Udaleko Euskara batzordeak lehiaketa jarri du abian , Euskaraz bizi-bizi egitasmoaren logotipoa aukeratzeko. Aukeratuko den logotipoa egitasmo horren marka izango da eta irudia ekitaldi guztietan erabiliko da.
Lehiaketan Orion erroldatutako edozein pertsonak har dezake parte eta bakoitzak gehienez bi diseinu aurkeztu ahal izango ditu.
Diseinuak originala eta berria izan beharko du, Euskaraz bizi-bizi leloa jaso behar du eta egokia izan behar du era guztietako euskarrietan erabiltzeko: paperean, formatu handietan, formatu digitaletan…
Proposamenak paperean eta formatu digitalean entregatu beharko dira, koloretan, diseinu grafikoan ohikoak diren programetako batean eginda.Horrez gain, logotipoarekin batera, nahi izanez gero, azalpen labur bat aurkez daiteke.
Lanak otsailaren 28a baino lehen Udaleko Euskara Zerbitzuan entregatu beharko dira, DINA4 tamainako gutun-azal batean. Barruan, gutun-azal txikiago batean, parte-hartzailearen datuak jarriko dira: izen-abizenak, helbide elektronikoa eta telefonoa.
Orioko Udaleko Euskara batzordeko kideek epaituko dituzte lanak eta 300 euroko sari bakarra izango da. Saririk irabazten ez duten logotipoak itzuli egingo zaizkio eskatzen dituenari. Logotipo irabazlearen jabetza, ordea, Orioko Udalarena izango da eta erabiltzeko askatasun osoa edukiko du.