Gurutze Gorriak hiru ikastaro antolatu ditu

Zarauzko Hitza 2013ko otsailaren 18a

Zarauzko Gurutze Gorriaren Herri Biltzarrak haurren lehen sorospen, lehen sorospen  eta uretako sorospen ikastaroak antolatu ditu. Otsailaren 25etik martxoaren 1era izango da lehenbizikoa, eta haurrei lehen sorospena nola eman irakatsiko zaie guraso edota zaintzaileei. Astelehenetik ostiralera izango dira eskolak, arratsaldetan, 18:00-20:00 bitartean. Lehen sorospen eta uretako sorospen ikastaroak martxoaren 16an hasiko dituzte. Edonork parte hartu ahalko du lehenbizikoan, eta bertan ezusteko gaixotasun edo istripu baten aurrean eman beharreko oinarrizko pausoak ikasiko dituzte parte-hartzaileek, bihotz-biriken berpizkundea, zaurien zaintza eta beste hainbat aspektu landuz. Uretako sorospen ikastaroan, berriz, itsasoa aztertzen ikasiko dute,  babeserako, prebentziorako eta erreskaterako teknikekin batera. Bi ikastaro hauek ezinbestekoak izango dira udan uretako sorosle izan nahi dutenentzat. Ikastaroetan izena eman ahal izateko baldintza bakarra bete beharko da; lehen sorospen ikastaroan parte hartzeko gutxienez 16 urte izan beharko ditu parte-hartzaileak eta 18 urte uretako sorospen ikastaroan parte hartzeko. Era berean, unibertsitatean aukera askeko kredituak lortzeko baliogarria da. Informazio osatuagoa lortzeko eta izena emateko, 610-102872 telefonora deitu beharko da, astelehenetik ostiralera 17:00etatik 19:00etara, edota mezua idatzi  zarautz@cruzroja.es helbidera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide