Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ezker Anitza ez dago ados Bilduk proposatutako eta EAJk "babestutako" TAO sistema berriarekin: "TAO sistemak arazoa konpondu baino, gehiago sortuko ditu". Hainbat arrazoi eman du alderdiko bozeramaile Mariana Aranburuk hori argudiatzeko. Batetik, Udal Gobernuak herri osoan eta astegun guztitan TAO sistema jartzea proposatu duela gogoratu du. "Zabalkunde horrek askoz arazo gehiago sortuko ditu, eta ez du Mendilauta kalean eta hondartzatik gertu dauden guneetan aparkaleku faltaren arazoa konponduko. Aldaketa horrekin kanpotarrek egun osoan autoa aparkatzeko aukera izango dute; ez da txandatzerik egongo beraz, eta egoiliarrak aparkatzeko lekurik gabe jarraituko dira", dio Aranburuk. Bestetik, Udal Gobernuaren proposamena aurrera ateratzen bada arazo berriak sortuko direla nabarmendu du. Sistema hori ez dela "ekonomikoki jasangarria" esan du: "Sei urte pasatu dira Zarauzko Udalak TAO sistema ezartzea erabaki zuenetik. Ordutik udalak ez du ia diru sarrerarik izan. Zerbitzu horrek defizita sortzen du neguan eta udako sarrerei esker orekatzen da ekonomikoki". Eredu berriarekin, ordea, diru sarrerak egoiliarren aldetik soilik etorriko direla adierazi du: " Sistema berri horrekin bisitarien kopurua igo ordez jaitsi egingo da".
Era berean, zerbitzua "engainagarria" da Aranbururen esanetan: "Egoiliarren txartelak hamabost euro balioko du, eta erabiltzaile guztiek ordaindu beharko dute, derrigorrez, alternatibarik ez dagoelako. Oso posible da, ordea, jende gehien etortzen den egunetan aparkalekurik ez aurkitzea, egoiliarrentzat nahiko leku ez baitago". Ildo horretatik, TAO sistema Zarautzen ez dela "egokia" argudiatu du Ezker Anitzako ordezkariak: "Gustatu ala ez, Zarautz tamaina erdiko herria da, eta turismoa da jarduera ekonomiko garrantzitsuena. Ez dago TAO udalerri osoan jarri duen tamaina horretako beste herririk. Donostian zentzua izan dezake, garraio publiko sare ona duelako. Zarautzera iristeko zerbitzu egokirik ez dago, eta ondorioz nahitaezkoa da autoan bertaratzea". Bestalde, bi edota hiru egun herrian pasatzera datozenek ez dutela "alternatibarik" ohartarazi du: "Zer egin behar dute bere autoekin? Astiko aparkalekuan utzi behar al dute autoa egun horietan guztietan?". Hori dela eta, Bilduk proposatutako sistemaren ondorioz bisitariak "uxatuko" direla dio: "Kontraesan galanta da, udalak bisitariak erakarri nahi baititu".
Proposamen berria
Hori guztia kontuan izanda, proposamen alternatiboa egin du Aranburuk. Bi irizpide nagusi ditu horrek. Batetik, neguan aparkatzeko denbora muga bat finkatzea proposatu du, Bizkaia kalean egiten zen moduan baina Foruen eta Bizkaia kaleetara zabalduz. Bestetik, gaineratu du ez dela "beharrezkoa" TAOko emankidunek sistema kudeatzea.
Horrez gain, udan aparkatzeko denbora muga bigarren gunean soilik ezartzea proposatu du, itsas pasealekutik Nafarroa kaleraino. Halaber, bisitariei egun osoan autoa aparkatzea ez baimentzea jaso dute proposamenean. "Hala ere, duela seiu urte gertatu zen moduan, berriro ere EAk eta EAJk TAO sistema ezartzea onartuko dute, oraingoa ezker abertzalearen babesarekin. Ezker Anitzatik argi ikusi dugu sei urte barru berrikusi egin beharko dela aparkaleku sistema hori, arazoak konpondu ordez gehiago sortuko dituelako", nabarmendu du.