Zarauzko Udal Gobernuak abian jarri duen Hondakinen Mahaiaren harira, zarauztarrak bosgarren edukiontziaren aldeko autua egin eta atez ateko bilketa sistemaren aurka agertu direla ohartarazi du Zarauzko PSE-EEk. 8.000 herritarretik gorak sinaduren bitartez Zarautzen zein bilketa sistema jarri beharko litzateken erabakitzeko kontsulta egiteko eskatu dutela gogoratu dute alderdi sozialistako kideek, "modu libre eta demokratikoan"hondakinak kudeatzeko sistema aukera dezaten.
Birziklapena bai, atez atekorik ez plataformak jasotako sinadurak Udal Gobernuak "inposatu" nahi duen atez atekoaren kontrako "bultzagarriak" direla nabarmendu dute.
Zarauztarrak "herritar arduratsuak" direla adierazi du PSE-EEko bozeramaile Patxi Elolak, "urte askoan ingurumenarekiko sentsibilitate handia" erakutsi dutela. "Zarautz Gipuzkoa mailan aintzindaria da bosgarren edukiontzia bultzatzen. Horrez gain, herrian zehar askotariko edukiontziak ditugu, olioa, arropa, beira, pilak, papera eta plastikoa birziklatu ahal izateko, eta baita garbigune bat ere. Guztiek inbidia digute, baita donostiarrek ere", esan du. Birziklatze maila altua dela dio, baina tasa hobetzeko herritarrei birziklatzeko bidea erraztu behar zaiela: "Baina lan gehiegi eman gabe".
Bestalde, Urtetako zabortegia 2014rako itxiko duten zalantzan jarri du Elolak: "Atzo Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatuak jakinarazi zuen Bilduk egindako hondakinen planean aurreikusitako hondakinak tratatzeko hamar plantatik bakarra egiten ari direla. Egun, Bergaran konpostatze planta eraikitzen ari dira, baina gainontzekoak geldirik daude". Era berean, PIGRUGen aurreikusitako hondakinak tratatzeko plantak geldiarazi eta Bilduren alternatiba errefusa Gipuzkoako zabortegietan botatzea dela azaldu du Elolak. Hori dela eta, zabortegiaren itxiera atzeratuko duten susmoaren aurrean, PSE-EEk Bilduri eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari Urteta lehenbailehen ixteko eta eskualdean zabortegi gehiago ez irekitzeko galdegiteko.
Ildo horretatik, Bilduk hondakinen kudeaketan hartutako bidea kritikatu du: "Bilduk kudeaketa hutsa dena politizatu egin du, eta gipuzkoarrak irteerarik ez duen gurpil zoroan sartu gaitu, horrek dakartzan kalte ekonomikoekin".