Ignacio Maria Artetxe Elejalde sendagile azpeitiarra zendu zen herenegun, 92 urterekin. Artetxe 1920ko martxoaren 22an jaio zen Azpeitiko Bustintzuriko Errebalean. Azpeitian 60 urte inguruan aritu zen sendagile, eta herriko hainbat kirol elkarteren sorreran parte hartu zuen; Lagun Onak Futbol Klubaarenean eta Lagun Onak Mendi Bazkunarenean, esaterako. Artetxeren aldeko hileta elizkizuna atzo izan zen, Azpeitiko Soreasuko Sebastian Donearen parrokian.
Azpeitiko Maristen Ikastetxean egin zuen batxilergoa, eta ondoren Zaragozan eta Valladoliden medikuntza ikasketak burutu zituen. Azpeitian 50 urte sendagile egin zituenean, 1998ko ekainaren 2an, Azpeitiko Udalak omendu egin zuen. Baina ez zuen utzi jarduna. Gero ere sendagile kontsulta martxan izan zuen.
Sendagile lanbideaz honakoa zioen Artetxek, Amaia Mendizabal Eliasek idatzi eta 2006an Uztarriak ateratako
Azpeitiarrak Espainiako Gerran liburuan: «Sendagilea izatea gaur egun oso erraza da: zortzietan sartu eta hiruretan alde egiten dute. Lehen 24 orduz ginen sendagile; gauetan,
gaur ohetik aterako ote naute, bai-ez? galdezka oheratzen ginen. Gau askotan hiru aldiz jaikitakoa naiz! Eta pentsa hurrengo egunean nola egongo ginen kontsulta pasatzen, gaupasa eginda... Hiru edo lau sendagile geunden orduan Azpeitian, herritar guztiak tratatzeko: Don German, Astiria, Joseba Alberdi Urrestillan eta ni neu. Praktikante bat ere bazegoen».
Espainiako gerran soldadu
Ignacio Artetxek 18 urte zituenean 1936ko gerrara joan behar izan zuen, Francoren tropetako soldadu errekete bezala. Ordurako sendagile izatea nahi zuela erabakita zuen. Aurrez aipatutako liburuan hala zioen: «Gerrak ez zuen ezertarako balio izan. Pentsa zenbat pertsona hil ziren...».
Gerrak «markatuta» utzi zuela zioen. «Oroitzapen txarra daukat». Joera politikoaz, berriz, hau: «Nire joera politikoaz galdetzen didanari, liberala naizela esaten diot. Eta liberala izateak zer esan nahi duen? Denak ulertzen ditudala, uste duzula arrazoi osoa inork ez daukala, eta denen arrazoiak eta iritziak errespetatu egin behar direla. Eta zigorrarekin inora ez goazela. Nire aita ere halaxe zen, liberala».
Herriko kirolari lotuta
Herriko hainbat kirol elkarterekin ere lanean jardundakoa da Artetxe. Besteak beste, 1944an Lagun Onak Futbol Klubaren sorreran ere parte hartu zuen, eta kirol elkartearen zuzendaritzako kidea izan zen, 1944tik 1947ra arte. Gero, 1948-49 denboraldian Lagun Onak Futbol Klubeko presidentea izan zen.
Azpeitiko Futbol Taldeak «doluminak eta besarkada bat» helarazi dizkio Artetxeren familia osoari. «Futbola taldearen sortzaileetako bat izan zen, eta baita gero klubeko lehendakaria ere», ekarri dute gogora futbolzaleek. Gaur egun ere, futbol klubak Artetxeren familiarekin harreman estua duela jakinarazi dute.
Lagun Onak Mendi Bazkunaren sorrerako lehen bileretan ere parte hartu zuen Artetxek,
Lagun Onak M.B. 1946-1996 liburuan azaltzen denez. Hala zioen liburuan azpeitiarrak mendizaleen taldearen izenaz: «Lagun Onak Futbol Taldea, mendi taldea baino bi urte lehenago sortua zen, eta ez zitzaigun inoiz burutik pasatu beste izenen bat jartzea. Kontuan izan behar da mendiko lehen juntan ginen zenbait kidek futbol taldearekin ere harreman zuzenak genituela, eta bien artean harreman estuak zeudela, hasierako pausoetan, behintzat».
40. hamarkada zen, eta Artetxe orduan Iruñean ari zen ikasten, eta mendizale taldeari izaera juridikoa ematearen alde agertu zenetakoa izan zen.
Ardozaleak Elkarteak kaldereroetako kofradiako kide izendatu zuen 1999. urtean.
Baita historialari ere
Azpeitiari buruzko historia liburuak ere idatzita utzi ditu Artetxek:
Historias de Azpeitia berak idatzitakoa da, eta
El ferrocarril del Urola (1926-1986) liburuan parte hartu zuen Lourdes Odriozola Oiarbide eta Juanjo Olaizola Elordirekin batera.