haTORR_2012 taldeak deituta, herritarr batzuk auzolanean
BATzarra jardunaldiak antolatu dituzte astebururako Putzuzulon.
Bat egiteko modu zaharren bila lemapean, askotariko ekimenak izango dira gaztetxean: hitzaldiak, liburu aurkezpenak, hausnarketak, talde dinamikak. Guztiak auzolanaren eta aintzinako egitura eta funtzionamenduen inguruan. Gaur hasiko dira, arratsaldean, eta igandera arte. Euskal Herriko askotariko esperientziak ezagutu ahalko dira. Proposamenak lantzeko talde dinamikak antolatuko dituzte, batzarren erronkez eta talde harremanak nola landu, besteak beste.
Jardunaldien informazioa eskuratu daiteke helbide hauetan:
www.putzuzulo.net,
http://hatorr.wordpress.com edota
http://www.auzolan.info . Azken horretan eman beharko da izena, gainera, parte hartu ahal izateko.
Patxi Azparren
«Batzarrak eguneratu egin behar dira, posible eta beharrezkoa da»
Batzarren historiari errepasoa egingo dio Lizargorri talde ezker soberanistako Patxi Azparrenek, eta egitura horrek egun dituen erronkak azaldu. Jardunaldietako lehen ekitaldia izango da, gaur 19:00etan Putzuzulon.
Zer funtzio zuten batzarrek?
Erakunde hauek funtzio gorenak zituzten: jendarte antolaketa, herritartasuna ematea, eskualdeko eskonomia arautzea, erabakiak hartzeko prozesuak bideratzea, lurraren defentsa eta justiziaren kudeaketa.
Nola funtzionatzen zuen? Zergatik sortu ziren?
Batzarra izenaz ezagutu ditugun erakundeek, ezbairik gabe, gure aitzinako historian dute sorburua. Iritsi den informazioa partziala da, eta iturri idatzietatik baino ez da jaso. Aldiz, bestelako tresna analitikoak erabiliz, baiezta genezake batzarrek herri indigenen antolakuntza ereduan dutela jatorria. Mendeetako oreka sozioekonomiko, politiko, kultural eta ekologiko baten ondorioa dira. Taldeari iraunkortasuna emateko tresnak ziren, bizi-iraupena bermatzeko sortutako herri-asanbladak.
Nola zeuden egituratuta?
Halabeharrez aldatzen joango ziren, eta egituraketak egokitzapenak izango zituen, baina batzarren antolaketa familien biltoki horizontala zela esan dezakegu. Asanblada, biltzar burujabeak eta garaikideak ziren, beste erakundeekin alderatuta, demokratikoak.
Egun bestelakoa da egitura. Zergatik aldatu zen? Zerk eraginda?
Batzarren moduko biltzarrak oso ohikoak izan dira herri eta kultura askotan. Aldiz, munduko zati honetan, beste eredu batzuk nagusitzen joan ziren; mundu indoeuropeotik eta kultura judeokristautik zetozen eredu jerarkikoak, matxistak eta gerrazaleak, alegia. Lehia luzea izan zen, hemen eta leku askotan. Boteretsuek ideologia berriek ematen zizkieten baliabide sinboliko eta fisikoak erabili zitzuten bere herrikideen gainetik juridikoki bereizteko, eta horrek boterea eman zien. Apaizek, gerlari profesionalek, jauntxoek eta gero kapitalistek batzarren sistema irauli zuten.
Orduko batzarren zantzurik ba al dago egun?
Batik bat Araban eta Nafarroan batzarren hondarrak bizirik daude. Foru legealdian ere zantzu batzuk egon badaude. Sistema osoa ez zuten birrindu, eta adierazgarrietako bat basoen eta lurren jabetzan ikus daiteke oraindik.
Egun egitura hori berreskuratzeko aukerarik ba al dago? Nola egin daiteke? Zeren bitartez?
Egitura hauek ahaidetasunean oinarritutako erakundeak ziren. Egungo jendartea erabat ezberdina da, baina batzarrek kontrolatzen zituzten esparruak herritarren eskuetara itzuli behar zaizkigu. Batzarrak eguneratu behar dira, posible da, beharrezkoa. Egungo batzarrak demokrazia parte-hartzailearen isla izan litezke. Udalen sistemarekin batera herritarren parte hartzea ziurtatzeko batzarren sistema berrantola daiteke.
Egitaraua
Otsailak 15, gaur
- 19:00. Lizargorri taldeko Patxi Azparrenekin solasaldia: Batzarrak historian eta egun.
Otsailak 16, bihar
- 10:00. Jasone Mitxeltorena Auzolanaren kultura liburuan jasotakoaz ariko da.
- 11:00. Itziar Madina eta Sales Santos Comunidades sin estado en la montaña vasca liburuaren inguruan solastuko dira. Ondoren, talde eztabaida.
- 16:00-17:30. Zein aukera ditu batzarrak eta zein erronka? mahai ingurua. Parte-hartzaileak: Arabako Kontzejua, Baztango Batzarra, Lakabe, besteak beste. Ondoren, Nola erantzun horiei? talde dinamika, Leire Saituren eskutik.
- 18:15. Talde harremanak lantzeko ariketa dinamikoa, Auzolan talde eragilearen eskutik.
- 20:00. Felix Rodrigo Moraren hitzaldia.
Otsailak 17, igandea
- 10:00-14:00. Gaien araberako taldeetan banatuta, gogoeta dinamikoa egingo dute, Espazio irekia metodoa baliatuz.