Zarauzko Alde Zaharrerako trafikoan aldaketak, astelehenetik aurrera

Zarauzko Hitza 2013ko otsailaren 14a

Zenbait arazo medio, Alde Zaharra oinezkoentzat jartzeko obretan aldaketak izan dira. Aldez aurretik jarritako epeak betetzearren, lehenbiziko faseko obrak zein bigarren faseko lehen zatiari dagozkionak aldi berean egitea erabaki du Zarauzko Udalak. Hala, Zigordia eta San Frantzisko kaleak elkartzen diren puntua eta udaletxea arteko gunea peatonalizatzeaz gain, udaletxe ertzetik Kiriki kalera bitarteko Zigordia kaleak hartzen duen eremua erer oinezkoentzat jarriko dute datozen hilabetetan. Horrek eragina izango du trafikoan. Orain arte Zigordia kale hasieratik udaletxe parerainoko eremua zulatzen hari zirela-eta, zamalanak egiteko trafikoa Foruen plazatik bideratu dute. Astelehenetik aurrera, ordea, Kiriki kalerainoko eremua ere hartuko dute lanek. Hori dela eta, autoak San Inazio kaletik sartu eta Santa Marina kaletik igaro beharko dute, Patxiku kalea gurutzatu eta Kirikitik Musika Plazaraino jarraitzeko. Era berean, lehenbiziko faseko lanak amaitu ondoren eta bigarrengokoak bukatu baino lehen hasiko dira Ipar kalea oinezkoentzat jartzeko lanekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide