XXXI. Lizardi Saria, Oihane Fernandezentzat

Urola Kostako Hitza 2013ko otsailaren 14a

Oihane Fernandezek irabazi du Zarauzko Udaleko Kultura sailak antolatzen duen Lizardi Saria, Labarretako itsasargia lanagatik. Jakinarazi dutenez, hemeretzi lan aurkeztu dituzte 21. sariketa horretara, eta algortarraren lana aukeratu du Jesus Mari Olaizola Txiliku, Miren Agur Meabe, Iñaki Friera eta Idoia Etxeberriak—iazko Lizardi Saria irabazi zuen— osatutako epaimahaiak. Hori dela eta, 3.700 euro jasoko ditu, eta bere lana argitaratu egingo da. Horrekin batera, Zarauzko ikastetxetan doan banatuko da. Apirilean izango da sari banaketa, eta orduan kaleratuko dute. Zarauzko Udaleko Kultura zinegotzi Gari Berasaluzek Lizardi Saria "aspaldidanik erakusleiho ederra" dela adierazi du, "euskarazko haur literaturan duen garrantzia eta sona" nabarmenduz: "Espero dugu Labarretako itsasargia liburuak ibilbide oparoa edukitzea eta haur eta gazteen artean irakurzaletasuna pizteko balio izatea, hori baita sariaren helburuetariko bat". Oihane Fernandez Mendiak (Algorta, 1986) Haur Hezkuntza ikasketak egin zituen Donostian, Kazetaritza Leioan eta Itzulpengintza Masterra Gasteizen. Euskaldunon Egunkaria-n hasi zen lanean, eta gero Berria-n ibili da hainbat urtetan. Orain, ahotsak.com egitasmoan dihardu, ahozko ondarea jasotzen. Literaturgintzari dagokionez, Gutiziak liburuan parte hartu zuen, ipuin batekin  eta Zarautz bertako Bakarrizketa Dramatikoen I. lehiaketa irabazi zuen, Bakartxo lanarekin. Beste kultur alor batzutan ere aritu izan da: Amantalen ahotsa ikuskizunaren sortzaileetako bat da eta Aita antza film laburra zuzendu zuen. Gerrako garrak Oñatin liburuaren egilea ere bada, beste batzuekin batera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide