EAk Bildu zoriondu du hondakinen inguruan agertu duen jarreragatik

Urola Kostako Hitza 2013ko otsailaren 11

Zarauzko Eusko Alkartasunak Udal Gobernua zoriondu du, "hondakinen kudeaketaren inguruan orain arte hartu duen bidearengatik": "Legealdi hasieratik Udal Gobernuak argi izan du Zarautz zuzenki jasaten ari dela Urtetako zabortegiaren arazo larria. Hori dela eta, berrerabilpena eta birziklapena indartu eta hondakinak murrizteko erabaki irmoa hartu du, eta Udal Gobernuko ordezkariak bide horretan kementsu lanean ari dira". EAren arabera, egun indarrean dagoen bilketa sistema bultzatuz eta askotariko sentsibilizazio kanpainak sustatuz, Zarauzko sei mila familia baino gehiagori hondakinak bereizteko aukera eman die Bilduk, "gaikako bilketa datuak hobetuz". "Datuen hobetze hori, ordea, ez da nahikoa eta urrun dago Zarauzko Udalak gehiengo osoz onartutako mozioaren helburuetatik", gogoratu dute EAtik. Zarauzko Udalbatzarrak 2014rako  gutxienez %70ko  gaikako bilketa tasa lortzeko konpromisoa hartu iazko maiatzean, mozio bidez. "Zarauzko EAko kideoi zeharo egokia iruditzen zaigu udalak onartutako mozioan jasotako helburuetan oinarrituta Bilduk Hondakinen Mahai plurala eratzea, non alderdi politikoen presentziaz gain, herriko eragileen eta sostengu teknikoa emango duten teknikoak ere izango diren", adierazi dute: "Txalotzekoa da mahai hori bildu aurretik inolako bilketa sistemarik ez ezartzeko udal gobernuak hartu duen erabakia, eta bertan guztion artean aipatutako helburuak beteko dituen eta bideragarria izango den bilketa sistema adostea, ondoren parte hartze prozesu baten bidez herritarrekin eztabaidatu dezaten". Borondatea eta ikuspegi zabala Ildo horretatik, EAk  "bi bider" zoriondu du Bildu, "hondakinen inguruan sortu den hika mika ulertezin hau modu lasai eta arduratsuan eramateagatik, liskar giro horretatik ihes egiteagatik eta herritar guztien ahotsa entzuteko eta kontuan izateko gaitasuna agertzeagatik". Hala,  "ikuspegi zabalarekin eta akordioetara heltzeko borondatearekin"  mahai horretan parte hartzera animatu ditu gainontzeko alderdi politiko eta herriko eragileak. "Ziur gaude inork ez duela herriak duen arazo garrantzitsuenetariko bat konpontzeko aukera hau galtzen utziko", nabarmendu dute alderditik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide