Auzokonposta gunea jarri dute Balentziaga kalean

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko otsailaren 11

Auzokonposta ekimenak abiatzen ari dira eskualdeko herriak. Getariak ere hondakin organikoa birziklatzearen aldeko apustua egin du eta hondakin organikoa tratatzeko lehen konpostatze gunea jarri dute Getariako Udalak eta Konposta Elkarteak Balentziaga kalean. Auzkonposta gunea dagoeneko martxan da eta bederatzi familia ari dira bertan parte hartzen. «Esperientzia honekin etxeetako hondakin organikoa ingurumenari kalterik eragin gabe tratatzeko aukera ematen zaie herritarrei. Gainera, egungo hondakin bilketak sortzen dituen bilketa gastu handiak ez ditu eragiten» azaldu dute Udaletik. Laster gune gehiago Getarian Getariako Udalak Zero Zabor filosofian sekontzeko bidean urrats bat gehiago eman nahi izan du auzokonposta egitasmoarekin, «hondakinen gaia lehen lerroko gaia dela» uste duelako. «Herritarrek oso jarrera positiboa izan dute ildo horretan jarri ditugun hainbat ekimenetan eta horrek hondakinen gaiak gizartean sortzen duen kezka islatzen duela uste dugu». Getariako Udalaren asmoa herrian zehar auzokonposta gune gehiago jartzea da. Hurrengoa Sahatsaga Goian jarriko dute eta bertako bizilagunak bertan parte hartzera gonbidatu nahi dituzte. Auzokonposta ekimenean parte hartu nahi dutenek Getariako Udaleko bulegoetara hots egin behar dute eta bertan izena eman. Horretaz gain, beste auzoetan ere auzokonposta martxan jartzeko aukera aztertzen ari da Getariako Udala eta lehendik izena emanda duten herritarrekin harremanetan jarriko da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide