Aurrekontuak osatzeko prozesuak parte-hartzailea izan behar du, herritarrekin landuta. Ez dut aurrekontuak egiteko beste modurik ulertzen. Udalaren ardura garrantzitsuenetariko bat da dirua nola banatu erabakitzea, eta hori elkarrekin egin behar dugu, elkarlanean", nabarmendu du Partaidetza zinegotzi Jabi Etxaburuk. Hori dela eta, bigarren urtez herritarrekin landuko ditu udalak 2013rako aurrekontuak. Iaz egin zuten lehenbizikoz parte hartze prozesua. Aurten, berrikuntzak izango ditu. Auzoz auzo bilerak egiteaz gain, eragileekin eta udaleko langile orokin ere bilduko da Udal Gobernua, "gardentasunaren bidean".
Prozesu horrek bi helburu izango dituela adierazi du Ogasun zinegotzi Iñaki Eizagirrek: gardentasuna eta eraginkortasuna. "Udaleko kontuak eta kudeaketa erakutsiko ditugu jendaurrean, herritarren dirua nola banatuko dugun modu argian azalduz, gardentasunez", dio. Eraginkorra izan dadin, iturri guztietara jo nahi dute: "Gure ikuspegiaz gain, eragileena ere ezagutu nahi dugu, iturri guztietatik edan. Ikuspegi bakarra lantzea baino eraginkorragoa izango da herritarren ekarpen oro jasotzea". Azken helburua betetzea ahalbidetuko du horrek: herritar boteredunak lortzea.
Horretarako, aurten pauso bat harago emango dute. "Eragile guztiekin elkartuko gara", azaldu du Eizagirrek: "Udal taldeekin, auzotarrekin, eragileekin eta udal langile ororekin". Indarra norabide berean egiteko, eta indar hori hobeto aprobetxatzeko sinergiak aurkitzeko asmoa dute, hala.
Bost iturri, bi atal
Aurten parte hartze prozesuak "ikuspegi zabalagoa" izango duela nabarmendu du Etxaburuk. Hala, bost iturri nagusitatik elikatuko dira aurrekontuak, bi ataletan banatuta. Batetik, udalari dagokion atala dago, administratiboa. "Talde politikoekin negozituko dugu, akordioetara iristeko. Era berean, udal langileekin ere landuko ditugu aurrekontuak", adierazi du Ogasun zinegotziak. Abenduan osatu zuten aurrekontuen lehenbiziko zirriborroa eta bi aldekako bilerak egin zituzten gainontzeko alderdiekin. Atzo aurkeztu zieten zirriborroa batzordeburuei eta datorren astean langile ororekin bilduko dira udal gobernuko kideak. Behin aurrekontu proposamena aurkeztuta, horiek astebeteko epea izango dute ekarpenak egiteko.
Bestalde, herritarren iritziak jasoko dituzte. Hiru zatitan banatu dute atal hori. Alde batetik, auzoz auzo bilerak egingo dituzte, iaz egin zuten moduan. Guztira, zortzi saio egingo dituzte, gune bakoitzeko beharrak jasotzeaz gain, ikuspegi orokorra landu dezaten. Era berean, iazko ekarpenen balantzea egingo dute udal ordezkariek: zenbat proposamen bete dituzten, zein dauden betetzeko bidean eta zer ez den egin eta horren arrazoia. Bestetik, elkarte eta eragileen ekarpenak ere jasoko dituzte. Oposizioko kideek ere parte hartu ahalko dute bilerotan, entzule gisa. Bileretara bertaratu ezin dutenek hainbat erreminta izango dute iradokizunak egiteko,
zuzarautz.info-ren bitartez, kasu.
Ildo horretatik, herritar oro deitu dute bileretan parte hartzera, auzotar zein eragile gisa. "Eraginkortasunaren alde eta kritika eta ekarpen guztiak biltze aldera", gaineratu du Ogasun zinegotziak. "Iazkoa hasiera besterik ez zen izan", azaldu du Partaidetza zinegotziak: "Hau dagoeneko bidea da. Gu ere ikasten ari gara eta elkarrekin bidea egiteko moduak aurkitu nahi ditugu".
2013ko aurrekontuak martxoko plenoan bozkatuko dituzte, behin behinekoz onartzeko asmoarekin. Alegaziorik egon ezean, apirileko udalbatzarrean behin betikoz onartzea aurreikusi dute Bilduko zinegotziek.