TAO sistema hobetzeko proposamena aurkeztu du EAJk gaur goizean. Alderdiko bozeramaile Imanol Lasak Udal Gobernuak sistemaren planteamendua "presaz eta aurrez egindako lana kontuan izan gabe" egin duela nabarmendu du: "Herritarrei kontsultatu gabe". Ezker abertzalea "beti" TAOren kontra agertu dela ohartarazi du, eta gobernuan dagoenez geroztik, sistema hori defendatzen, eta are gehiago, "udan herri guztira" zabaldu nahi duela salatu du. Ildo horretatik, Bilduk egindako planteamenduarekiko hainbat aldaketa proposatu du: "TAO sistema beharrezkoa da aparkalekuak arautzeko. Malgua eta irekia behar du izan, batetik aldaketa berriak onartzeko eta bestetik, zarauztarren eta herriko oinarri ekonomikoen beharrei egokitu ahal izateko".
Ildo horretatik, EAJ herriko zenbait auzo elkarte, talde eta eragilekin bildu da, eta horiek egindako ekarpenekin proposamen zehatza osatu du. Proposamen hori
www.eaj-pnv-zarautz.com webgunean daude ikusgai; interesa dutenek iradokizunak egin ahalko dituzte bertan. Maite Garrastazuk azaldu ditu proposamenaren ildo nagusiak, zonaldeei eta aplikazio datei dagokionez. EAJko zinegotzi horren arabera, TAO sistema guneetara zabaldu beharra dago. Hori dela eta, lehenbiziko eremua zabaldu eta hiru sektoretan banatzea iradoki du: Alde Zaharra, Vista Alegre, Azken Portu eta Azken Portu Goiara. Bigarren eremuak, berriz, Nafarroa kaletik Mitxelena kalerainoko espazioa hartuko luke. Hirugarren eremuak hartuko lituzke gainerako auzoek EAJk osatutako proposamenaren arabera. "Oraingo sistemarekin antza handiagoa duen banaketa da, eta bizilagunentzt errazagoa litzateke egokitzea", nabarmendu du.
Udan baino ez
Datei dagokionez, TAO urte osoan lehenbiziko eremuan soilik ezartzea proposatu du. Bigarren eta hirugarren zonaldetan udan baino ez jartzea iradoki du: "Neguan, egun oso puntualetan salbu, ez da aparteko arazorik izaten eremu horietan aparkatzeko. Zailtasun handienak lehenbiziko eremuan izaten dira, ordea, Alde Zaharra eta inguruetan. Herriko merkataritza eta zerbitzu gune nagusia da hori, eta horri gehitu behar zaio garaje eta aparkaleku urritasuna. Uste dugu Bilduren erabakiak—lehenbiziko eremuan TAO neguan soilik ezartzea— saturazio maila handia ekarriko duela gune horretan;erdigunean mugimendu eta bizitza handia egotea behar dugu". Hala, Alde Zaharrean errotazio handiko guneak areagotu, TAO malgutu eta denbora mugarik gabeko guneak mantentzea proposatu du EAJk. Vista Alegre auzoan, aldiz, bertako egoiliarentzat gordeko lituzkete aparkalekuak, bisitarientzat gune txiki bat baliatuz. Azken Porturi dagokionez, jeltzaleek ez dute beharrezkotzat jo egoiliarrentzat aparkalekuak gordetzea: "Araba kaleko zenbaki bakoitietan errotazio handiko aparkalekuak jarriko genituzke, eta gainerakoie eremu urdinekoen tratamendu bera eman. Azken Portu Goian aparkalekua egiteko proiektua berreskuratu eta Gurmendikoari probetxua ateratzeko formulak aztertzeko proposatzen dugu".
Era berean, Mintegi kalean ere errotazio altuko aparkalekuak eta Kortazar aparkaleku gisa ahalbidetzea jaso dute proposamenean. Halaber, Itxasmendi auzoari trataera berezia emango lioke EAJk: auzoa egoiliarrentzat gorde eta Buztinzuri kalean, atletismo pistaren ondoan, bisitarientzat gune urdin bat gordeko litzateke uda garaian.
Bestelako hobekuntzak
Bestelako hobekuntzak ere proposatu dituzte EAJko zinegotziek. Batetik, egoiliarrek dagokien gunetik —Itxasmendin eta Vista Alegren izan ezik– kanpo gehienez bi orduz doan aparkaltzeko aukera izateko iradoki dute; errotazio handiko guneetan, berriz, ordu erdiz doan aparkatzeko aukera eskaintzea proposatu dute, "herriko merkataritza bultzatzeko". Besteak beste, Osasun Zentrorako, Monte Albertiarako, edo furgoneta eta autokarabanek sortzen dituzten arazoak konpontzeko hainbat neurri ere ageri da proposamenean.
Lasak dei egin dio Bilduri "demagogia alde batera utzi” eta TAOren erreforma arduraz burutu dezan: “Urteak eman dituzte udalaren aurreko kudeatzaileei TAO kentzeko eskatuz, eta orain sistemak ondo funtzionatzen duela diote. Pozten gaitu jarrera aldaketa horrek, baina gustatuko litzaiguke gogoratzea urte eta erdi baino gehiago izan dutela legealdi honetan eta oraingoz TAOren emakida urtebetez luzatu besterik ez dutela egin, joan den urteko irailean”.