Getariako neska arraunlarien erantzuna Angel Larrañagari (Gutuna)

Urola Kostako Hitza 2013ko otsailaren 8a

"Otsailaren 4an Angel Larrañagak Noticias de Gipuzkoa egunkarian egindako adierazpenen aurrean Getariako Arraun Elkarteko neskok gure burua defendatu beharra ikusi dugu.

Lehenik eta behin esan nahi dugu adierazpen horiek izugarrizko tristura eta amorrua sortu dizkigutela; ez dakigu zer lortu nahi duen esandako guztiarekin. Badiruri, ez zaiola nahikoa iruditzen 2012ko arraun denboraldian (aurreko denboraldiak aipatu gabe) eman digun mina arraunlariei, Getariako Arraun Elkarteari eta azken finean Getariako herriari.

Angel Larrañaga ez da konturatu oraindik protagonistak arraunlariak direla, kasu honetan emakume arraunlariak. Gauzak ondo joan direnean isilik egon da eta aurten, bakarrik egon denean eta gauzak okertu zaizkionean Getariako arraunlariei errua bota digu. Arraunlariak uretan hitz egin dugu, paladaz-palada, estropada bakoitzean hasieratik bukaerara arte, gure elkartean hori erakutsi digute behintzat. Getariako neskek lortutako emaitzak (Javier Etxabe eta Jabi Isasti entrenatzaile bezala) emakumeen arraunaren historian betirako idatziak geratuko dira.

  • Aipatzen du ez direla gauza batzuk ondo egin. Arraunlariok ez dakigu denboraldi hasieran 2 elkarteen artean zer hitz egin zen eta pentsatzen dugu bere haserrea hemendik datorkiola. Guk pasa dugun uda ez da batere samurra izan, inoiz ez zigun hitz politik esaten; uda osoan, egunero-egunero entrenamendu bakoitzean bere amorrua erakusten zigun behin eta berriz norbaitek akatsen bat egiten zuenean  hurrengoak esanez: “ hori getariarren ohitura txarra”, “ zuek ez zenuten Espainiako Trainerila Txapelketa irabazi ez zinetelako onenak joan” (abuztuaren 6an oraindik aupegira botatzen jarraitzen zuen) , “ batzuk gizenak" zeudela etab., etab., etab....

  • Egin duen guztia taldearen alde egin duela? Inolako bereizketarik ez zuela egiten? Non geratu dira Getariako Arraun Elkartearen eta Getaria-Tolosaren aurkezpenera ekarri zenituen arraunlari gazte horiek? Ez dakigu zenbat entrenamendutan atera izan garen traineruan 2 edo 3 arraunlari gutxiagorekin.

  • Betelana egiteko erabiliak izan zaretela zu eta arraunlariak? Betelana egiteko erabili dituzu zuk gure elkarteko arraunlari gazteak eta Argizka Balentziaga gure patroia.

  • Ez zaitugula entrenatzaile kontsideratu? 18-25 urte bitarteko gazteekin lana egiteko ez da nahikoa entrenatzaile tituliña edukitzea, gaitasun gehiago behar dira; guretzako titulua edukitzea baino garrantzitsuagoak dira: talde bat aurrera eramateko gaitasuna, erakusteko eta begietara begiratuz hitz egiteko gaitasuna, motibatzeko gaitasuna... beti ere hori guztia modu egokian adierazita inori minik egin gabe. Autoritarismoak eta inposaketak ez dauka lekurik gure elkartean eta talde honen eta zure arteko erlazioa 2 hitz horietan oinarritu da. Guretzako printzipio garrantzitsuena errespetua da, arraunlariak baino lehenago pertsonak garelako.

Ez gara gehiago luzatuko. Guk bakarrik dakigu zer pasa dugun Angel Larrañagarekin. Horrelako notiziekin ez dugu uste inor poztuko zenik zeren kaltetuak, kasu honetan, Getariako arraunlariak izan gara baina orokorrean emakume arraunlari guztiak izan dira. Esandako guztiarekin gure aldetik gai hau bukatutzat ematen dugu.

2013 denboraldia hasi da eta protagonistak emakume arraunlariak dira. Beraz, ZORTE ON GUZTIOI ETA ONENAK IRABAZ DEZALA!!!

ETA GETARIAKO HERRIARI BIHOTZ-BIHOTZEZ ESKERRIK ASKO BETI EMAN DIGUN BABESAGATIK!!!"

Sinatzaileak:

Getariako neska arraunlariak. Aitzpea, Amets, Ane, Argizka, Leire B., Maialen, Mertxe, Nekane, Oihane eta Olatz A.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide