Antonianoko ikasleak elkartrukean Bretainian

Urola Kostako Hitza 2013ko otsailaren 7a

Aste honetan zehar Antoniano Ikastetxeko DBH  hirugarren eta laugarren mailetako frantseseko 33 ikasle Bretainian, Douarnenez herrian izango dira, ikastetxeko bi irakaslerekin batera.  Saint Blaise eskolarekin antolatutako elkartrukea da honakoa. Antoniano Ikastetxeko ikasleak igandean irten ziren Zarauztik, eta etzi itzuliko dira. Aurrez, bi eskoletako ikasleak harremanetan jarri ziren sare sozialen bitartez eta elkar ezagutzeko irrikan zeudela jakinarazi dute ikastetxetik. Aste osoa igaroko dute familia frantsesen etxeetan eta ikasle bretoiekin batera hainbat ekintza burutuko dute: ikasitako frantsesa praktikan jarri, erdi aroko herriak bisitatu, crêpe-ak jan eta egiten ikasi, bretoien kultura eta hizkuntza ezagutu...Horrez gain, astebetez gozatuko dute adiskide berri eta zaharrekin bizikidetzan. Gero, Douarnenez-eko lagunak apirilan egingo dute egonaldia Zarautzen.

 Antonianon elkar trukea egiten duten bigarren urtea da aurtengoa. Aurrez 2010ean egin zuten ikastetxe berberarekin. Esperientzia baikorra ikusirik, elkartruke hau bi urtetan behin gauzatuko dute Antonianoko ikasleek. Izan ere, Antoniano Ikastetxeko hizkuntza proiektuaren helburua ikasleak eleaniztasunean hezitzea da; horretarako, elkartrukea aukera paregabea dela jakinarazi dute ikastetxetik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide