Zuzarautz.info, udalaren eta herritarren arteko komunikazio zubia

Urola Kostako Hitza 2013ko otsailaren 7a

Zarauzko Udalaren eta herrietarren arteko zubi berria sortu dute: zuzarautz.info. "Erreferentziazko" komunikazio tresna izateko jaio da, parte hartzea izango da haren filosofiaren muina. Udalak kontrolatu eta elikatuko du,  baina herritarrek ere egin ahalko dute euren ekarpena. "Zarautz denok egiten dugu", nabarmendu du Kultura zinegotzi Gari Berasaluzek aplikazio berriaren aurkezpenean, gaur goizean. Ildo horretatik,  herriarekin lotutako berriak sartu ahalko dituzte norbanako zein eragileek. Xoraturikan enpresak garatu du, eta hainbat sail izango du. Batetik, udalari lotutako atalak  ditu bere baitan: Udala  (orain arte www.zarautz.org webgunea  zena), Gure Zarautz (besteak beste, herriko agenda zein argazki artxibo zaharra biltzen dituen www.gurezarautz.net), Turismo Zarautz (turismoari lotutako ekitaldiak biltzen dituen www.turismozarautz.com) eta Kultura Zarautz (herriko ekitaldi kulturalak biltzen dituen www.kulturazarautz.org). Horrez gain, Debolex ekoiztetxeak herriko hainbat alorri buruz egindako DokuMagazinak ikus entzunezko motzak ere bertan egongo dira zintzilikaturik, edonork ikus ditzan. Bestetik, herritarrek parte har dezaten erremintak egongo dira. Hala, iruzkinak egin ahalko dituzte, albisteak gustuko dituztela adierazi edota  berriak sortu. Horretarako webgunean erregistratu beharko da lehenbizi; "nahiko intuitiboa" eta "erabilterraza" dela esan du Xoraturikan-eko Urko Urangak. Era berean, beste komunikabideek sortutako albisteak zuzenean agertuko dira web orri berrian. Informazio praktikoa ere jasoko du: eguraldia, goardiako farmaziak, ekitaldien agenda, eskelak eta oharrak, besteak beste. Gainera, zuzarautz guneak sare sozialetan ere izango du tokia. "Pixkanaka joango gara betetzen", ohartarazi du Berasaluzek. Aplikazioak "potentzial ikaragarria" duela gaineratu du Partaidetza zinegotzi Jabi Etxaburuk: "Komunitate bat osatzen dugu, eta guztion artean osatuko dugu komunitate hori, zuzarautz-en parte hartuz". Logotipoa Zuzarautz-en logotipoak ere parte hartzeari egiten dio erreferentzia. Kultura zinegotziak azaldu duenez, askotariko hatz markez osatuta dag0: "Koloretako hatz marka horiek elkarren gainean jarrita osatzen dute Z hizkia, Zuzarautzen-logotipoa".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide