Getaria Tolosa trainerua desegin egin da.
Lau denboralditan zehar emakumezkoen tostako arraunketan punta-puntan aritu ondoren, Getaria eta Tolosa arraun elkarteen arteko elkarlana desegin da eta aurtengo arraun denboraldian ez dute Getaria-Tolosa trainerua uretaratuko. Getariako entrenatzaile Jabier Etxabek azaldu duenez, "arraunlari askok arrauna uztea erabaki dute eta trainerua osatzeko arraunlaririk gabe geratu gara. Azken lau denboraldietan punta-puntan ibili gara eta horrek sakrifizio handia eskatzen du; lana, ikasketak edota familia, arraunlari bakoitzak arrazoi desberdinak izan ditu arrauna uzteko. Horiek denak errespetatu eta aurrera begiratu behar dugu orain".
Harrobia lantzen
Getariako Arraun Elkarteko ordezkarien iritziz, hemendik aurrera helburua gaztetxoengan arraunerako irrika sortzea izango da. "Infantiletan, kadeteetan eta jubeniletan baditugu neska arraunlariak eta horiekin lan egin behar dugu. Dena dela, jakin badakigu ziklo kontua dela. Getaria bezalako herri txiki batean ez da batere erraza emakumezkoen trainerua osatzea, horregatik lanketa handia egin behar dugu hemendik aurrera eta egunen batean Getariako emakumezkoen arrauna berriz ere goi mailan ikusiko dugulakoan gaude".