«Zigorgabetasunaren hariak eten txikia izan du eskualdean ere»

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko otsailaren 7a

Justizia lortzeko «oraindik ezezaguna eta ezkutua» den errealitatea azaleratzea beharrezkoa da, oraindik ere torturak existitzen duela ezagutaraztea, alegia. Hori da biktimak aitortzeko bidea. Bide horretan Euskal Memoriaren Fundazioak egin du lehen urratsa: Oso latza izan da. Tortura Euskal Herrian liburua kaleratu du. Bertan, garai politiko ezberdinetan eta polizia ezberdinek eragindako 4.716 tortura testigantza jaso dituzte. Getariako Alondegian aurkeztuko du lana fundazioko kide Arantxa Erasunek, 19:00etatik aurrera. Liburuak «egia osoa» azaltzeko helburua du. Justizia egiteko lehenbiziko urratsa al da? Hala da, torturaren biktima izan diren eta diren pertsonek justizia eta aitortza merezi dute, baina horretarako ezinbestekoa da herri honetan oraindik ezezaguna eta ezkutua den errealitate bat, torturarena, ezagutzea eta ezagutaraztea. Egia hori ezagutzeko asmoz abiatu genuen herriz herriko bilduma, azken 50 urteetan torturak utzitako ondorioa jasotzeko helburuarekin. 4.716 tortura kasu jasotzen ditu Oso latza izan zen. Tortura Euskal Herrian liburuak. Hala ere askoz gehiago daude. Egun ez dago errolda zehatzik, ezta? Torturaren ondorioak jasotzerakoan torturaren dimentsio osoa jasotzea garrantzitsu jo dugu. Zentzu horretan, ondorio kuantitatiboei zein kualitatiboei heldu diegu. Batetik, inoiz modu orokorrean osatu ez den errolda egitea,  azken 50 urteetan atxilotu dituztenen zerrenda xehetua osatuz eta, bestetik, pertsonen bizitzan torturak eragindako ondorioak—psikologikoak, pertsonalak, lanari lotutakoak—biltzea, testigantzen eta elkarrizketen bitartez. Horretarako abiapuntu gisa hartu ditugu, noski, torturaren inguruan orain arte bildu diren guztiak— Eva Forest idazle eta editoreak torturaren aurka eta eskubideen defentsan egindako lanetik eta TAT Torturaren Aurkako Taldeak egindako bilduma zabaleraino—, eta herriz herri hori osatzeko ariketa egin dugu. Espero genuen bezala, ezagutzen ez genituen tortura kasu asko eta asko agertu dira, denborak are gehiago estalitakoak. Noiztik noiz arteko tortura testigantzak biltzen ditu liburuak? Azken 50 urteei erreparatu diegu Oso latza izan da. Tortura Euskal Herrian lanean, Frankismoaren azken garaia, trantsizioa eta azken hamarkadak barne hartuta. Bilakaera horretan argi ikusten da torturaren praktika eta honekin iraunkorki lotuta agertzen den inpunitatea aldatzen dela helburu eta tekniketan, baina ondorio bat nabarmena da: tortura iraunkorra da denbora horretan guztian. Tortura kasuek marrazten dute azken 50 urteetako denboraren haria Euskal Herrian . Zein motatako tortura testigantzak jaso dituzue? Nola jaso dituzue testigantzak? Gure abiapuntua orain arteko bildumak izan dira. Zentzu horretan aitzindarien lana—Eva Forestena, kasu— bezala, azken hamarkadan Torturaren Aurkako Taldeak egindako lan orokor eta sakona azpimarragarria da. Hortik abiatuta, eskualdez eskualde lan boluntarioari esker joan gara bai errolda osatzen, baita testigantzak biltzen ere. Hainbat testigantza elkarrizketa gisa egin eta jaso dugu liburuan, garai eta profil ezberdinetako pertsonen ahotsa jasotzeko, baina testigantzen zati handi bat herriz herri herritarrek bildu eta egindakoak dira. Izan ere, orain arte ia dokumentatu gabe dagoen errealitate baten mamia jasotzeko guztion parte hartzea ezinbestekoa da. Memoria kolektiboa osatzen ari gara, taldean ezinbestean. Nola antolatu duzue liburua? Batetik, garai politiko ezberdinen araberako kronika egin dugu: frankismoa, Gonzalezen Gobernua, PPren Gobernua, Zapatero... Garai bakoitzean inpunitaterako jarri izan diren mekanismoen bilakaera eta kasu bereziak aipatuz. Bestetik, atal berezituak daramatzate Ertzaintzaren kasuek, Frantzian euskal herritarrek jasandako torturek, eta tortura transnazionalak. Azkenik, prebentzio neurriez, tortura salaketen sinesgarritasunaz eta torturaren kontrako borrokaz ere aritu gara. Horiek osatzen dute nagusiki hari nagusia. Baina horren osagarri gisa, eskualdez eskualde jasotako lekukotasun zatiak (ondorioez ari direnak), elkarrizketa sakonak (torturatuei, auzi-medikuei, abokatuei... garaiz garai) zein urtez urteko testigantza laburren faldoi iraunkorra egin dugu. Testigantzen artean Zarautz, Getaria eta Zumaiako lagunenak daude (Juanita, Jesus Iruretagoiena...). Nolakoa da haien testigantza? Sufrimenduaren kronika egiten dute ahots hauek. Eskualdean Euskal Memoria Fundazioaren laguntzaileek egindako lanari esker jakin dugu Frankismoan, trantsizio garaian zein azken hamarkadetan zer bizi izan zuten herritarrek polizia guztien eskuetan, baita torturatzaile ezagunek utzitako beldur arrastoa ere. Kasu batzuetan torturaren salaketak epaitegietara iritsi ziren; gehienetan ez, ordea. Orokorrean zigorgabetasunaren hariak eten txikia izan du hamarkadotan eskualdean ere. Egun oraindik tortura salaketak entzun edota irakurtzen ditugu komunikabidetan. Salaketak egiteak erantzunik izaten al du, ala oraindik ez da justizia egiten? Zentzu horretan, aurrerapausorik eman al da? Gaur egun ere sistema osoaren funtzionamenduak zigorgabetasunez torturatzea baimentzen du. Batetik, inkomunikazio legeak dirauen bitartean, torturak ez errepikatzeko bermerik ez dago. Bestetik, eta 2007an Amnesty Internationalek aipatu bezala, badaude Espainiako Estatuaren egituran justiziak tortura behar bezala jazartzea eragozten duten faktoreak. Salaketa aurkezteko oztopoak, ikerketa independienterik eza, ikerketarik eza, mediku eta auzi-medikuen txosten osatu gabeak, salatzaileak beldurraraztea, zigor egokiak ez jartzea... Horri guztiari gehitu behar zaizkio epaitegietan zigortu izan diren torturatzaileek zigorgabetasun esplizitua, zigorraren baldintzapenko etenak, espetxe onurak, inhabilitazio epeak ez betetzea- zein inplizitua, indultuak, banako zein kolektiboak, kondekorazioak eta mailaz igotzeak-jaso ez dutenean. TESTIGANTZA BATZUK Nerea Epelde 1998an Zumaian atxilotua «Hirurak aldera atera ginen etxetik eta ez dut gogoratzen zer esan nuen, baina polizietako batek sekulako zaplaztekoa eman zidan haurra besoetan nuela. Nire bikotekidearen izeko bat auzoan bizi denez, haurra honen etxera eramatea zela egokiena esan nien. Izekoren txirrina behin eta berriz jo nuenean esan zidaten atea ez bazuen irekitzen haurra beraiekin eramango zutela. Haurra izekorekin utzi ondoren autoan sartu eta Madril aldera abiatu ginen. Jarrerarik harroena zuen polizia nire ondora etorri eta autoan sartu orduko galderak egiten hasi zitzaidan, eta ezer ez nekiela erantzuten nion bakoitzean kolpe bat ematen zidan. Uneoro gogorarazten zidan eguna izorratu niola eta egia atera arte edozer egingo zidala. Bidaiaren momentu batean nire bikotekideak pixalarria zeukala-eta gure autoa ere gelditu egin zuten. Orduan gure arteko sexu harremanen inguruko komentario lizunak egiten hasi zitzaidan. Polizia etxera iritsi ginenean ziega batera sartu ninduten, eta galdeketak egiteko gela batera eraman. Galdeketetan kolpe ugari eman zizkidaten, batez ere buruan. Bitartean nire bikotekidearen egoera oso tamalgarria zela eta hitz egiten ez banuen okerragoa izango zela esaten zidaten. Haurra eta bikotekidea aitzakiatzat hartuta, jasan nuen presio psikologikoa izugarria izan zen: umea nire erruz zegoela bakarrik, ama batek nola egin zezakeen halakorik, nire bikotekidea nik ez ezagutzeko egoeran utziko zutela eta abar. Inkomunikazio garaian hilekoa etorri zitzaidan eta usain txarra nuela eta zikina nintzela esaten zidaten; hasiera batean ez zidaten konpresarik eman nahi izan, gainera. Kolpe eta presio psikologiko artean pasa nituen hiru egunak. Hitz egiten ez banuen kaputxa jarriko zidatela eta gorriak ikusiko nituela esanez mehatxatu  ninduten. Saio gogorren ondoren polizia ona etorri eta lagun bezala hitz egiten zidan, hobe nuela nekien guztia esatea. Horrela iragan nituen inkomunikazioko hiru egunak,  baldintzapeko askatu ninduten  arte.Honakoak izan dira torturen ondorioak: gauetan etxean edozein soinurekin ikara, berriro polizia etxera etorriko ote zaidan beldur izugarria, eta atxiloketa edota tortura kasuren bat entzuten dudanean egonezina eta nazka izugarria sentitzen ditut. Hala ere, denborak barneko zauriak neurri batean behintzat sendatzen ditu, nahiz eta beti geratzen zaizun beldur hori, ahaztu ezin hori».   Paxkuel Iturbe 1975ean Zarautzen atxilotua «Egun berean, baina arratsaldez, Txerri Muturren hiletaren ondoren hiruguardia zibil etorri ziren. Zutik jarri ninduten, bi hankak zabalik eta bi eskuak paretean jarrita. Guardia zibilek bizkarren porrarekin kolpatu ninduten txiki-txiki eginda utzi arte. Hauek alde egin zutenean ondoan zegoen ohe batera joaten saiatu nintzen,  eta kostata, baina iritsi nintzen.  Han egon nintzen geldi-geldi denbora batez. Egun bereko gauean guardia zibil bat etorri zen, kaleko arropa jantzita, eta boligrafo bat eta papel bat jarri zizkidan aurrean. Bertan ordura arte esan ez nituen gauzak idazteko esan zidan. Pistola bere balarekin erakutsi zidan eta ordu erdi barru etortzean papelean ez bazegoen  ezer idatzita tiro bat emango zidala esan zidan. Ordu erdi barru etorri zen eta ikusi zuenean ezer ez nuela idatzi muturreko bat eman zidan eta esan zidan beste aukera bat emango zidala eta beste ordu erdi barru etorriko zela. Ez zen gehiago etorri». Xabier Kalparsoro 1993an torturen ondorioz hila Zumaiarraren amaren, Maite Golmaioren testigantza: «Durangora joan ginen bi ahizpa eta hirurok eta han esan ziguten Indautxuko komisariara eraman zutela. Hona iritsi, Xabiz galdetu eta esan ziguten: No lo sabemos, creo que está en Basurto.  Basurtoko ospitalean esan ziguten goizaldean konorterik gabeko bat ospitaleratu zutela, eta ZIU-n zegoela. Harrera gelako liburuetan ez zegoen Xabiren izenik; desconocido jartzen zuen. ZIU-ra iristean, bertan zeuden sei-zazpi polizia erabat aztoratu ziren gu ikusita. Inkomunikaturik zegoela esan ziguten, ezin ginela barrura sartu, ezta han egon ere. Orduan  medikuak irten eta ésta se queda aquí esan zien poliziei. Nik semea ikusi nahi nuen eta poliziei ohean zetzana Xabi zen ala ez esango niela. Alferrik. Nire bi ahizpak abokatuaren bila irten zuten. Mediku honek, heziketa handiz, bere bulegora eraman ninduen, eta  argitu zidan Xabik Indautxuko komisariako leihotik salto egin zuela esan ziola poliziak, eta horregatik zegoela hain gaizki. Medikuak ez zion sinesgarritasun handirik eman poliziaren bertsioari, ondoren hitz hauek esan baitzizkidan: Señora, es un caso claro de tortura. Tiene que denunciarlo. Itxura denez sartu berritan Xabik  ¡Dejadme en Paz! ¡Lo dire todo!  esan zuen. Hauek izan ziren Xabiren azken hitzak. Gero koma sakonean geratu omen zen. Nire semea oso gaizki zegoen, buruan bi ebakuntza egin zizkioten, bata buru barruko odolbildua kentzeko eta bestea buruko odol jarioa eteteko. Buru osoa bendaz estalirikzeukan,  aurpegia ozta ikusten zitzaiola. Arratsaldean erizain batek Xabiren erropak ekarri zizkidan erdi ezkutuan. Geroago abokatua eta bi ahizpak etorri ziren. Ezin izan nuen Xabi ikusi. Gauean bai, bost minutu soilik. Aurpegia ebakita zeukan eta begiak bel-beltzak. Bizirik mantentzen zuten tresna denak igandean kendu ondoren hil zen. Handik hiruzpalau hilabetera bi anonimo jaso nituen. Bera polizia zela eta egun hartan komisariako kanpoaldea zaintzen ari zela hilda edo konorterik gabe zirudien gorputz bat ormaren kontra-kontra erortzen ikusi zuela zioten anonimoek.Espaloian geratu zela hilda bezala. Sasi epaiketa horietako bat egin ziezaioten lortu genuen. Bertan polizia honek baieztatu egin zuen anonimoetan zioena. Epaileak galdetu zion ea bera zen anonimoak bidali zizkidana. Poliziak ez zion erantzun. Isiltasunean babestu zen.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide