Grises boskote zestoarra.
Udan jaialdiz jaialdi zebiltzan
Grises taldekoak, El hombre boligrafo estreinako diskoa aurkezten, eta konturatzerako, urtea hastearekin batera, bigarren lana eman dute argitara: No se alarme señora, soy sovietico (Origami Records). Aurrekoaren musika ildo bera duela onartu du taldeko kide Eñaut Gaztañagak (Zestoa, 1982), baina badu ezberdintasunik.
Hona hemen biharko egunkarian argitartuko dugun elkarrizketaren aurrerapena:
No se alarme señora, soy sovietico jarri diozue disko berriari; aurrekoa El hombre boligrafo zen. Izenburu bitxiak asmatzeko ohitura duzue.
Yuri Gagarin kosmonauta espaziotik itzuli zenean, arazoak izan zituen eta zabalgune batean lur hartu zuen. Han emakume bat eta haren iloba topatu zituen. Emakumeak ea espaziotik zetorren galdetu zion, eta Gagarinek baietz erantzun zion, baina ez larritzeko, sobietarra zela. Gertakari horretatik hartu genuen disko berriari izenburua jartzeko ideia.
Izenburuak zerikusirik ba al du diskoaren kontzeptuarekin?
Egia esan, ez du zerikusirik. Izenburu baten bila genbiltzan, eta taldearen argazkilariak istorio horren berri eman zidan. Astronauten eta espazioko kontuek erakargarriak zaizkigu, eta Gagarinen pasarte hori asko gustatu zitzaigun. Pasadizozko izenburua da, eta ez du azalpen zehatzik.
Musikari dagokionez, aurreko ildotik jarraitzen duzue. Hala ere, bada ezberdin egiten duten xehetasunak.
El hombre boligrafo nahiko zoroa eta festazalea da. Berehalakoa izan zen; hau da, momentu hartako indarraz kutsatuta egin genuen. Oraingo honetan ere abesti dantzagarriak eta baikorrak dira, baina melodiari ere bere balioa eman diogu. Diskoa hunkigarriagoa dela esan genezake. Martxosoa da, baina, aldi berean, pausatuagoa. Aurreko erritmoa galdu gabe, emozio gehiagorekin egiten ahalegindu gara.
http://youtu.be/Ymu9yfIY-vI