2001 eta 2008 bitartean jaiotako haurrentzat antolatu zuen krosaren laugarren edizioa Zaragueta Herri Eskolak. Otsailaren 3an, igandearekin, izan zen, eguerdian eta 400 umek baino gehiagok hartu zuen parte.
Asteburuak hasiera batean itxura onik ez bazuen ere, Zaragueta Herri Eskolak antolatutako Kros Txikia, behintzat, errespetatu zuen eguraldiak otsailaren 3an. Haize fina, baina eguzki goxoa lagun, egin zuten lasterketa herrikoiaren 4. edizioa. Izena emandakoez gain, dortsalik gabe zenbait haur ere aritu ziren lasterka.
Urtetik urtera haur gehiago animatzen da Kros Txikira. Lasterkari txikienen artean izan du arrakasta handiena eta denak batera korrika egitearen arriskua uxatzeko, taldeetan eman ziren irteerak. Adinak gora egin ahala ere neska-mutil talde polita aritu zen lasterka.
Adinaren araberako ibilbidea egin zuten haur eta gaztetxoek: 150 metro, 2007-08an jaiotakoek; 300 metro, 2005-06koek; 600 metro, 2003-04koek; eta 1000 metro, eskola paretik hondartzako biribilgunera joan-etorria, 2001-02an jaiotakoek.
Kirol ohitura osasungarriak sustatzeko asmoz,indarrak berreskuratzeko jan-edana, domina eta opari bana jaso zuten parte hartzaile guztiek. Irrien Lagunak klubak emandako hainbat jolas ere banatu zizkieten antolatzaileek, hala tokatu zitzaien umeei.
Hemen ikusi dezakezue lasterketako argazki galeria.