Otsailaren 2 eta 3an Bigarren Eskuko Azoka ospatuko da Zumaian, Alondegian hain zuzen. Dagoeneko laugarren aldia izango da. Saltzaileak salmentaren % 100a jasoko du. Elkarteek ere beraien postua jartzeko aukera izango dute.
Gure gizartean hedaturiko hainbat eta hainbat ohiturek Lurra planetaren baliabideen gehiegizko ustiapenarekin zerikusi zuzena dute. Horien artean, kontsumoa bereziki azpimarragarria da. Hala, gizarte iraunkorrago bat lortzeko bidean, kontsumo jasangarriaren aldeko apustua egitea ezinbestekoa gertatzen da. Gainera, bizi dugun krisi ekonomikok ere, bestelako erosketa-ohituretan sakontzeko aukera bikaina eskaintzen du. Ondorioz, 2009 urtean ekindako bideari jarraiki, Algorri Zentroak bigarren eskuko azoka antolatuko du, Zumaiako Udalaren ekimenez.
Etxean duenari probetxua atera nahi dionak aukera bikaina du bigarren eskuko azoka honetan. Izan ere, produktu bakoitzaren prezioa jabeak berak ezarriko du, eta salduz gero, irabazien % 100a jasoko du. Salgai jarri ahal izango diren produktuak oso anitzak dira: ikus-entzunezkoak, liburuak, pelikulak, CDak, osagarriak, gerrikoak, lepokoak, zapiak, apaingarriak, bazarra, jostailuak, tamaina txikiko tresna elektrikoak… Arropa eta telefono mugikorrak, ordea, ez dira onartuko.
Zehaztasunak
Noiz: 2013ko otsailak 2 eta 3, larunbata eta igandea.
Ordutegia: 10:00-14:00 eta 16:00-19:00
Lekua: Zumaiako Alondegia.