Astelehenean izango da Minbiziaren Kontrako Nazioarteko Eguna. Hori dela eta, hainbat ekimen antolatu ditu Zarauzko Minbiziaren Kontrako Elkarteak. Alde batetik, Balea kaleko egoitzaren atarian mahai informatiboa jarriko dute astelehenean. Bertan minbizia sahiesteko kontuan hartu beharreko informazioa helaraziko diete gerturatzen diren herritarrei. Beste aldetik, Murkil Zarauzko Dendarien Elkarteak ere bat egingo du ekimenarekin. Hala, larunbatean zein astelehenean AECCko boltsak banatuko dituzte elkarteko dendetan erosketak egiterakoan. Horrez gain, eritasun horren inguruko liburuxka ere emango diete bezeroei.
"Gizakiek pairatzen dituzten gaixotasun arriskutsuenen artean, minbizia da aurreikusten errazena. Gure esku dauden jakintzak praktikan jarriko bagenitu, minbizia duten pertsona kopurua gutxituko litzateke", adierazi dute Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Elkartetik. Ildo horretatik, minbiziaren prebentzioa bultzatze lanetan dihardu urtez urte.