Getariako Irisgarritasun Planean bi igogailu berri gehitzea onartu du Udalbatzak

Urola Kostako Hitza 2013ko otsailaren 1a

Getariako udalbatzarra Asteazken iluntzean ohiko udalbatzarra egin zuen Getariako Udalbatzak eta hiru gai izan zituzten hizpide. Alde batetik, Getariako Irizgarritasun Plana egokitzea erabaki zuten udal ordezkariek ahoz batez txostenari bi puntu gehituz. Azken erabakien arabera bi igogailu berri jartzeko lehen urratsak eman dituzte; lehenak Jose Agirre plaza eta Balentziaga kalea lotuko ditu eta bigarrenak Balentziaga kalea eta Erruera kalea. Bi puntu berriei onarpena emanda, horiek jartzeko diru-laguntzak lortzeko aukera izango du Udalak. Bestalde, Getariako Udaleko ordezkariek aho batez onartu zuten Getariako Turismo Bulegoa  ItourbasK Euskal Sarearen baitan sartzea. Balentziaga kaleko lanak Asteazkeneko udalbatzarrean aztertu zuten hirugarren puntua Balentziaga kalean obrak egiteko kontratuaren eta Deposito Zaharra Udalaren jabetzako salmentako esleipenaren aurka Construcciones Murias S.A. enpresak aurkeztutako helegitea izan zen. Izan ere, 2012ko azaroaren 8an Udalbatzak egindako bileran Balentziaga kaleko lanak egiteko kontratua eta Deposito Zaharraren jabetza Construcciones Amenabar S.A. enpresari esleitu zizkion urriaren 17an aurkeztutako eskaintza ekonomikoaren eta teknikoaren harira. Erabaki horren aurka Construcciones Murias S.A. enpresak helegitea aurkeztu zuen. Horren aurrean asteazkeneko udalbatzarrean Bilduko bost ordezkarien eta Getaiko-Independienteak taldeko zinegotziaren aldeko botoekin eta EAJko bost ordezkarien abstentzioarekin, Udalbatzak onartu zuen Getariako Kontratazio Mahaiak egindako txostena berrestea eta horretan oinarrituta Construcciones Murias S.A.k aurkeztutako helegitea ezeztea, Udalbatzak 2012ko azaroaren 8an hartutako esleipen erabakiarekin aurrera jarraituz. EAJ udal taldeko Uxoa Larrañagak bozketan abstenitzeko arrazoiak eman zituen udalbatzarrean. "Oinarrizko egitasmoa eta baldintza pleguen txostena irakurri dugu eta zalantza batzuk sortu zaizkigu. Ez dakigu prozedurak legean zehazten dituen urratsak jarraitu dituen; dena dela ez gara oztopo izango eta horregatik abstenitu egin gara".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide