Hezeguneen eguna ospatzen da mundu guztian zehar otsailaren 2an. Hori dela eta, Donostiako Haritzalde Naturzaleen Elkarteak Usurbileko lurretan dagoen Sariako errio-zatia garbituko dute.
Haritzaldekoek diotenez, ura agertzen den inguru bat da hezegunea; geldirik egon daiteke ura, edo ez; urtean zehar iraun dezake urak, edo ez; gatza izan dezake urak, edo ez. Baina hezeguneak biodibertsitatearen iturri dira, bai ala bai; edateko ura lortzeko bide dira, bai ala bai; uholdeak ez gertatzeko egokiak dira, bai ala bai; elikagai-iturri dira, bai ala bai.
Horrez gainera, elkartekoen ustez, Hezeguneek sari ugari ematen diote gizakiari, eta Sariako hezegune interesgarria sari bikaina da usurbildarrentzat zein gipuzkoarrontzat. Oria ibaiaren amaiera aldean kokatua, meandroen artean, historiaz betetako txokoan, balio naturalez betetako gunea dugu.
Horregatik, erriberari dioten errespetuagatik, Saria ingurua garbituko dute datorren otsailaren 2an, goizeko 10:00etan hasita. Bertan izango dira Herrio Natur Taldekoak ere, eta, oriotarrei garbiketara gehitzeko gonbita luzatzen diete.
Sariara autobusez joateko eskatu dute Haritzaldetik, bertan ez dagoelako aparkatzeko tokirik. Hala, Oriotik doazenek Botalekun edo Intxaurretan geratu beharko dute, gero, 10:00etarako Saikola –Sariako ola– inguruko bihurgunera gerturatzeko. Horrez gainera, ibai ertzean ibiltzeko arropa egokia eramateko gomendatu dute.