Udalek bat egin dute 'Udal-ekin' egitasmoarekin

Ane Olaizola 2013ko urtarrilaren 31

Egitasmoan parte hartu duten erakunde eta udaletako ordezkariak, atzoko agerraldian. (Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia) Urola Kostako ia udalerri guztiek eta Urola Kostako Udal Elkarteak bat egin dute Udal-ekin egitasmoarekin. Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Errezil, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaiako udalek administrazio kontratuetan hizkuntza irizpideak modu bateratuan ezarriko dituzte aurrerantzean. Atzo aurkeztu zuten egitasmoa Donostian, eta eskualdeko udalek eta udal elkarteak ez ezik, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Uemak eta Gipuzkoako beste 26 udalek hartuko dute parte egitasmoan. Ekimenak udalek egingo dituzten zenbait kontratazio alorretan eragingo du; hala nola, obra, hornidura eta zerbitzu kontratuetan eta herri lanen kontsezioetan ezarriko dituzte hizkuntzari dagozkion irizpideak. Hori hala, eskualdeko kontratazio publikoetan udalek zehaztutako irizpideak jarraitu beharko dituzte enpresek. Izan ere, Aldundiak gogoratu du euskara ofiziala dela azken hiru hamarkadetan, baina erakundeek ez dutela «praktikan jarri» adierazi du. Erakundeek euren zerbitzuetan erabiliko duten hizkuntza, herritarrei harrera nola egingo zaien, kontratazioetan enpresako langileei eskatuko zaien hizkuntza gaitasuna edota hizkuntza gaitasuna arautu dute, besteak beste. «Elebitasuna bermatuko duen baldintzak proposatzeaz gain, beste bide bat ere ireki nahi da, hau da, euskarazko bidea. Hauxe da bigarren ekarpena, baina ez horregatik garrantzia gutxiagokoa», adierazi du Gari Berasaluze Zarauzko zinegotziak. Hizkuntz eskubidea «bermatu» Proiektua Aldundiaren, UEMAren eta zortzi udalen arteko lankidentzaren eraginez sortu da, horien artean daude Azpeitiko eta Zarauzko Udalak. Berasaluzek azaldu du herritarren «hizkuntza eskubideak» bermatzeko asmoz gauzatu dutela proiektua; izan ere, honek adierazi du kontratazioetako hizkuntza «estandarizatu gabe» egon dela. Hala, aurrerantzean prozedura administratiborako, hizkuntza klausulak txertatzeko eta jarraipenak egiteko ereduak udal guztien eskura jarri dituzte. Modu honetara, guztien artean adostu duten protokoloa «eraginkorragoa» izango dela adierazi du Zigor Etxaburu aldundiko Euskarako foru zuzendariak, «orain arte hizkuntza irizpideak bere erara erabili izan dituelako udal bakoitzak». Honek adierazi du egungo legediari jarraituz adostu dutela protokoloa, eta hain zuzen, egitasmoak legedia «garatzen» lagunduko duela uste dute. «Hutsune bat betetzera dator prozedura berri hau. Aurrerantzean, toki administrazioek beste tresna bat izango dute erabiltzeko moduan, hizkuntzaren normalizazioan»; zentzu horretan, prozesua «eredugarritzat» jo du Aldundiak. Aia, egitasmotik kanpo Eskualdean, Aia da Udal-ekin proiektura batu ez den udalerri bakarra. Dena den, Etxaburuk uste du aurrera begira beste udal batzuk ere egitasmora batuko direla. Hala, gainontzeko erakundeei dei egin die mota honetako pausoak eman ditzaten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide