Euskadi Fundazioa txirrindulari taldearen aurkezpena atzo; Iparragirre eskuinetik bigarrena da. (Argazkia: Euskadi Fundazioa)
Unai Iparragirre Txipa (Azpeitia, 1988) txirrindulariak profesionaletarako jauzia eman du. Azpeitiarrak Euskadi Fundazioa taldearekin sinatu du eta laster ekingo dio maila berriko ibilbideari. Miguel Madariagak zuzenduriko talde kontinentalean korrituko du Iparragirrek denboraldi berria. Urtebeteko kontratua sinatu du berri du eta World Tour mailako Cinturon de Mallorca itzulian lehiatuko da estreinakoz profesionalekin, datorren igandetik asteazkenera bitartean.
Atzo goizean aurkeztu zuen Derion Euskadi Fundazioaren proiektu berria Miguel Madariagak, baita estreinatu duten janzkera ere. Denboraldi berrirako proiektuak lau oinarri izango ditu, eta aurreneko taldean ariko da Iparragirre, Euskadi talde kontinentalean. Taldea hamar txirrindularik osatuko dute.Orbeatik segituko dutenak sei dira: Aritz Orbe, Aritz Bagües, Illart Zuazubiskar, Carlos Barbero eta Mikel Bizkarra; berriak, berriz, Iparragirrez gain Jon Larrinaga, Mikel Aristi eta Mikel Iturria dira.
Ilusio handiarekin
Azpeitiar txirrindulariak Uztarria.com-i azaldu dionez, Madariagaren deiak «sekulako ilusioa» egin zion. Profesionaletara ahalik eta azkarren egokitu nahi du, eta parte hartuko duten lasterketetako «esprint batzuetan maila ona erakustea» du helburu. «Urte guzti hauetako esfortzuaren ondoren, merezi dudan aukera eman didatela sentitzen dut, eta gogor egingo dut lan aukera hori aprobetxatzeko», azaldu dio azpeitiarrak
Uztarria.com-i.
Pistako txapelduna
Iparragirrek sei urte egin ditu afizionatuen mailan, Belca eta Bidelan-Kirolgi taldeetan aritu da. Txirrindularitzako azken lau denboraldietan zazpi garaipen lortu ditu errepideko lasterketetan.
Horrez gain, azken urteetan pistan ere lehiatu da, Jira Bira Track taldeko kide bezala. Aurten bertan, Pistako Neguko Saria irabazi du eta pistako Gipuzkoako txapelduna da. Pasa den igandean garaipen berri bat lortu zuen azpeitiarrak pistan, Bordelen.