Castrok eta Santa Cruzek ukatu egin dute Uriaren hilketan parte hartu izana

Nerea Uranga 2013ko urtarrilaren 31

Inazio Uria enpresari azpeitiarren hilketarekin lotutako epaiketetako bat hasi zen atzo goizean, Espainiako Auzitegi Nazionalean, Manuela Fernandez de Padro epaile dela. Manex Castro eta Iraitz Santa Cruz ustezko etakideak hasi dira epaitzen, zehazki. Atzoko saioan bi akusatuek ukatu egin zuten azpeitiar enpresariaren hilketan zuzenean nahiz zeharka parte hartu izana. Manex Castrori hilketa, ETAko kide izatea, auto lapurreta eta legez kanpoko atxiloketa delituak egozten dizkiote, eta fiskalak 59 urte eta bi hilabeteko kartzela zigorra eskatu du harentzako. Castrok bakar-bakarrik bere abokatuaren galderei erantzun zion, eta Inazio Uria hil zutenean Villabonan, etxetik gertu, beste bi lankiderekin lorategietako mantenu lanak egiten ari zela deklaratu zuen. Enpresari azpeitiarraren hilketaren berri irratian entzun zuela esan zuen, lanean ari zela. Castroren bi lankidek lekuko bezala deklaratu zuten atzo Auzitegi Nazionalean, eta baieztatu egin zuten auzipetuak esandakoa; alegia, Uriaren hilketaren berri elkarrekin zeudela irratiz jakin zutela. Castrok Uriaren kontrako atentatuaren antolaketan parte hartu izana ere ukatu egin zuen atzo. Castro 2010eko uztailetik behin-behineko espetxealdian dago. Iraitz Santa Cruzi, berriz, ETAri laguntzea leporatzen diote, Uria hiltzeko bere autoa utzi izana egotzita. Harentzako 10 urteko kartzela zigorra eskatu du fiskalak. Santa Cruzek atzoko saioan azaldu zuenez, «inola ere» ez zitzaion «burutik pasatu Beñat Aginagalde betiko lagunari» autoa utzi eta hark atentaturako erabiliko zuela. Garai hartan Aginagaldek ETArekin loturarik zuen arrastorik ere ez zuela gaineratu zuen Santa Cruzek atzo. Kartzela zigorrez gainera, bi akusatuek Inazio Uria zenaren familiari kalte-ordaina ematea eskatu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak: 160.000 eurokoa Inazio Uriaren alargunarentzat, eta 240.000 eurokoa Uriaren seme-alabentzat. 2008ko abenduaren 3an, eguerdiko ordubatean, hil zuen ETAk Inazio Uria azpeitiarra, Loiola auzoan, tiroz. Altuna y Uria Azpeitiko eraikuntza enpresako arduradunetako bat zen, eta 71 urte zituen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide