ZAEko batel seniorra garaile

Urola Kostako Hitza 2013ko urtarrilaren 30a

Zarauzko batela izan zen garaile pasa den larunbatean Urdazuriko (Donibane Lohitzune) uretan jokatutako Gipuzkoako Batel Ligako lehen jardunaldian. Zortzi minutu, 53 segundu eta 63 ehunenekoko denbora eginaz, bigarren sailkatutako Oriori lau segundu atera zizkion. Aurreko bi jardunaldiak eguraldi txarraren ondorioz bertan behera geratu izanak arraunean egiteko "grina berezia" eman zien zarauzko arraunlariei eta "lan ona" eginik garaitu zuten.

Guztira, ZAEko zortzi batel lehiatu ziren. Infantil mailan hiruk hartu zuten parte; bost, hamar eta hamaseigarren sailkatu ziren maila horretako jardunaldian. Kadete mailan, berriz, batel bakarrak hartu zuen parte eta 16. iritsi zen. Jubenil mailan lehiatu ziren bi ontziek 6. eta 9. postuan heldu ziren, eta uda honetan traineruan arituko diren neskak ere 6. sailkatu ziren.

Baina zarauzko arraunlariak ez dira batelean soilik aritzen; aurreko asteburuan aulki mugikorreko distantzia luzeko Gipuzkoako Txapelketa jokatu zen eta infantil mailako laukoak brontzezko domina lortu zuen. ZAEtik adierazi dute "pozik" zeudela elkarteko gaztetxoenak, "hain denbora gutxian horren diziplina teknikoan emaitza ona" lortuta. Maila bereko zortzikoa ere lehen postuan iritsi zen, baina infantil mailan bi zortziko bakarrik aurkeztu zirenez, balio ofizialik ez zuen izan haien estropadak.

Batelaz eta aulki mugikorraz gain, senior mailan 17 arraunlariko taldea aspalditik ari da traineruko entrenamenduak egiten. "Iaztik lagun asko faltako diren arren, ilusiorik ez da falta eta gogor ari dira lanean", adierazi dute elkartetik.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide