Azken asteotan lapurreta bat baino gehiago izan da Orioko etxeetan. Ez da lehenengo aldia halakorik gertatzen dela, eta, horren aurrean, Javier Iglesias sarrailagileak eta UCES –segurtasuneko sarrailagileen batasuna– elkartetik hainbat gomendio eman dituzte.
Iglesiasek dioenez, lehenengo neurria oinarrizkoa da. Sarrailari bi buelta eman behar zaizkio giltzarekin atea ondo itxita daukagula, eta, sekulan ere ez da giltza barrutik jarrita utzi behar. Iglesiasek esan digunez, askok uste du alde batetik giltza jarrita seguru dagoela. Kontua da, enbrage bikoitza duten sarrailak daudela merkatuan eta horiek bi aldeetako batean giltza izanda ere, beste aldetik irekitzea baimentzen dute.
Bigarren gomendioa, atea irekitzeko denbora pixka bat behar duen eta soinua egiten duen bonbiloa jartzea litzateke. Iglesiasen hitzetan, lo gaudela edota beste edozer gauza egiten ari garela, erraz irekitzen den ate batekin oharkabean harrapatu gaitzakete. Mota horretako bonbiloek, berriz, lapurra bera uxatzea ere ekarri dezake askotan. Horrez gainera, bonbiloak segurtasun ezkutua izatea garrantzitsua da. Horrez gainera, sarrailagileak bonbiloak babestuta izateko gomendatzen du: ezkuturik ez dutenek, gutxi bada ere puska bat bistan izanda, palanka eginda irekitzeko erraztasun gehiago izaten dute. Hala, atera ezin diren, apurtu ezin diren eta txartelekin ireki ezin diren bonbiloak erabiltzea gomendatzen dugu sarrailagileok.

Puntu zentral bakarra duten sarrailei bigarren sarraila edota morroilo bat gehitzea ere gomendatzen du Iglesiasek. Bestetik, behatxuloa ere segurua izateko gomendatzen du, batez ere edadetuentzat. Iglesiasek dioenez, gaur egun badago nahikoa teknologia aurreratua, eta behatxulo digitalak erabiltzea litzateke egokiena. Dena dela, neurri hori edadetuentzat da batez ere gomendagarria. Erabiltzaile gehienek katea edota antzeko zerbait dute atearen bestaldean, baina, kontua da horiek errez eraisten edo apurtzen dituztela lapurrek, kontatu du Iglesiasek. Horregatik, behatxuloa erabiltzea hobesten du sarrailagileak. Horretaz gain, bi ixte puntu dituen ate blindatua da sarrailagilearen ustez onena, baina, garrantzi gehiago du atearen eta lurraren artean espaziorik ez izatea.
Bosgarren gomendioa, etxera ohituraz etortzen diren ikuskari eta langileei behar den bezala identifikatzeko eskatzea da. Edozein enpresatako arroparekin etortzen zaizkigu askotan, eta horrek gugan konfiantza sortzen du. Ateak parez pare irekitzen dizkiegu, eta ez gara ohartzen lapurrak izan daitezkeela. Momentuan ez dute ezer arrarorik egiten, baina, gero etortzekotan, etxeko informazio guztia daukate modu horretara azpimarratu du Iglesiasek.
Etxean halako ohiturak hartuta segurtasun aldetik asko irabazi daitekeela nabarmendu du sarrailagile oriotarrak. Baina, horrez gainera, UCESetik beste gomendio bat ere eman dute: udaltzainei emergentzia kasuan soilik abisatzea. Ez dira sarrailetan profesionalak, eta askotan sarrailagile lanak egiten dituzte. Askotan, horrek matxurak eta kalte txikiak sortzen ditu sarrailetan. Beraz, udaltzainen bati atea irekitzeko eskatzekotan, benetan larrialdia behar du izan, eta, udaltzainak, sarrailagilearekin telefono bidez-edo komunikatuta ireki behar luke, adierazi dute UCESetik.