(Amaia Ventas/Hitza)
Xabier Lizardi, Esteban Urkiaga
Lauaxeta eta Xabier Leteren inguruko errezitaldi berezia eskainiko dute Anjel Lertxundi idazleak eta Antton Valverde musikariak, gaur. Poeta bakoitzaren obrak kantatuko ditu Valverdek pianoarekin. Lertxundik, aldiz, haien poetika aztertuko du, zuzenean edota bestelako baliabideak erabiliz. Proiektuaren nondik norakoez aritu zaio Lertxundi Urola Kostako Hitza-ri.
Nondik dator proiektua?
Xabier Lete hil zenean Iruñetik deitu ziguten Valverderi eta biori, haren lagun izanik eta bakoitzak bere esparru bat landu izan dugunez—batak musika eta besteak literatura—, elkarrekin Leteren inguruan zerbait egingo genukeen galdetzeko. Bueltak eman ostean, azkenean bakoitzak berea eginez jaialdi bat antolatu genuen: Valverdek Leteren kanten emanaldia eskaini zuen, eta nik, berriz, haren hainbat testu eta kanturen inguruan jardun nuen, zuzenean edo kantuek iradokitzen zizkidaten Leteren esparruei buruz. Iruñeko Hizkuntza Eskolan eman genuen, polita izan zen, eta biok oso gustura atera ginen handik. Gauza puntuala izan zenez, komentatu genuen inoiz halako beste zerbait egiteko aukerarik izango ote genuen.
Gerora, Joxean Arbelaitzek Xabier Lizardi, Esteban Urkiaga
Lauaxeta eta Xabier Leteren inguruan emanaldi bat egitea proposatu zigun. Materiala prestatu genuen orduan. Nik testutxo batzuk idatzi nituen, Leterekin egin nuen moduan. Testu batzuk zuzenean kantuarekin berarekin lotura zuten, eta beste batzuk, berriz, kantutik abiatuta beste zenbait alderdi lantzen zuten, poetarenak edota garai hartako giroari buruzkoak, esaterako.
Poeta bakoitza garai jakin batekoa da. Zein lotura dute?
Antton Valverdek nagusiki hiru poeta horien lanak kantatu izan ditu. Hori dela eta, Lizardi, Lauaxeta eta Leteren poemekin osatu dugu emanaldia, batasun bat baduen errezitaldia.
Zein formatu izango du ekitaldiak?
Oso modu xumean planteatu dugu errezitaldia. Valverdek pianoarekin eta kantuarekin jokatuko du; hori izango da elementu musikal guztia. Nik kantu bakoitzaren aurretik sarrera literarioa emango diot, osagai moduan. Batzuetan kontakizuna izango da, eta bestetan, aldiz, hausnar literarioa.
Egile bakoitzaren poetika aztertuko duzu. Nola?
Batzutan zuzenean poema bat aipatu eta nolabait haren muina esplikatuko dut. Baina beste batzutan, berriz, bidenabar bestelako kontuak azalduko ditut, poemak aitzakia hartuta. Xabier Leteren kasuan, esaterako, haren esamoldeak errepikatuko ditut, bata bestearen atzetik. Letek beste autore bakar batek ez bezala eman dizkio esamoldeak eta espresiobideak euskarari.
Errealak kuatro uno galdu zuen atzo, Afganistanen gerra piztu zuten iya... Zortzimila esamolde eman dizkigu, eta modu naturalean memorizatu eta erabiltzen ditugu guk. Letek asmatutako espresioen errosario modukoa irakurriko dut kanta bakoitzaren aurretik, hala.
Lizardiren kasuan, bestalde, haren poemez diotena azalduko dut.
Urte giroak nire begietan poeman paisaia kantatzen ari da poeta eta nik zuzenean hartaz hitz egin beharrean, Koldo Mitxelenak esaten zuena errepikatuko dut. Hark errepublika garaian poetek eta pintoreek euskal paisaiaren pertzepzioa aldatu zigutela esaten zuen, beste plus paisajistikoa ematen zutela. Nik Mitxelenak esaten zuen hori esplikatuko dut, testuinguru zabalago horren baitan.
Zein irizpide hartu dituzue kontuan poemak aukeratzeko?
Irizpideak neurri handi batean gustukoak eta Valverderen gorputzaldiaren araberakoak izan dira. Kantari batek normalean abesti batzuk maiteago izaten ditu besteak baino. Anttonen kontua gehiago izan da hori; hautamena berak egin du gehienbat. Hori bai, behin aukeraketa egin ondoren, oreka gordetzen eta poeta bakoitzaren ezaugarriak ahalik eta hoberen azaltzen saiatu gara. Lizardiren kasuan, poema narratiboak ugariagoak badira, poema lirikoak sartzen ere saiatu gara, esaterako. Poeta bakoitzaren ezaugarriak ahalik eta ondoen adieraztea da gure helburua.