Urtaroak pintzelaren mintzoan

Aritz Mutiozabal 2013ko urtarrilaren 29a

Juan Antonio Narbaiza margolaria, Garoa liburu-dendan paratu duen erakusketan (Aritz Mutiozabal/Hitza) Vivaldiren Lau urtaroak bailitzan, Jose Antonio Narbaizak (Bergara, 1946) pintzeala dantza ipini eta urteko sasoi guztiak irudikatu ditu. Udaberritik negura izenburuak nahikoa datu helarazten dio bisitariari, Garoa liburu-dendako sotoan paratu duen erakusketaren nondik norakoa zein den jakiteko, behintzat. Margolanetan Zarauzko eta Getariko txoko adirazgarrienak daude ikusgai, baina baita inguruko beste zenbait ere; besteak beste, Pagoetako basoak, Izarraitz Urdanetatik ikusita eta Mollarriko haitzak. Paisaiak maite baditu ere, ez du atari zabalean margotzeko ohiturarik. «Normalean, argazkiak ateratzen ditut paseatzen ari naizela. Gero, argazkiak begitatzerakoan baten bat aukeratu eta margotu egiten dut», adierazi du Narbaizak. Erronka sinplea du, baina, aldi berean, konplexua: aukeratutako argazkia koadro batean plasmatzea. «Batzuetan ahalik eta fidelen irudikatzen saiatzen naiz, eta beste batzuetan, aldiz, argazkian oinarrituz gutxi gorabeherako paisaia bat margotzen dut, kolore erakargarriak erabiliz eta argi-itzalekin jokatuz». «Ikasteko gogoz» Jaiotzez bergararra da Narbaiza, baina umetatik izan du lotura Zarautzekin, beraneantea izan baitzen. Izendapen hori, ordea, atzean geratu zitzaion aspaldi, duela 40 urte ingurutik herrian bizi baita. Nolanahi ere, erretiroa hartutakoan ekin zion margotzeari; 2004 inguruan, Iñigo Ormazabal pintorearen estudiora joaten hasi zen, zaletasuna trebatze aldera. «Marrazten hasi nintzen etengabe, eta margotu ahala, etxeko trastelekuan gordetzen joaten nintzen koadroak. Noizbehinka ezagunen bati erakusten nizkion, eta baten bat gustatzen baldin bazitzaion etxera eramaten zuen. Azken finean, ikasteko gogoz baino ez nintzen hasi margotzen». Orain, norbere gogoa asetzetik jendaurrean erakustera egin du jauzi. «Imanol Urdanpilletak erakusketa zabaldu zuen duela hilabete batzuk Garoan bertan. Jakin banekien margotzen zuela, eta jakin-minez edo, ikustera joan nintzen. Bertan, liburu-dendako arduradun Eneko Agirrerekin solasean, nik ere margotzen nuela esan nion, eta erakusketa egitekotan geratu ginen. Duela hilabete inguru tarte bat zutela esanez deitu zidan, eta nahi izanez gero nire lanak erakus nitzazkeela». Azken zortzi urtetan makina bat koadro landu baditu ere, azken boladakoak hautatu ditu. «Trastelekuan gordeta nituen margolan guztiak atera eta etxeko zoruan jarri nituen. Hasiera batean ez nekien zein ildo eman erakusketari; hau da, nola artikulatu. Denetariko bat egin ala hari gidari bat bilatu». Azkenean lerro narratibo baten aldeko hautua eginez, urte oso bat aurkeztu du, formato ertaineko eta txikiko 40 olio-pinturen bidez. «Ibilbide bat proposatu diet ikusleei. Goiz negutiarrekin hasten naiz, udaberriarekin jarraituz; hondartzako toldoak jartzen dituztenean uda etorri da; hostoak etortzen dira udazkenean; eta, amaitzeko, elurra egiten du». Erakusketa otsailaren 20era arte dago zabalik. Lagunei eta ezagunei, beste gauza batzuen artean, margolaria ere badela erakutsi nahi zien. Horrez gain, «egiten duzuna gustukoa den ikusteko balio du, eta horren arabera jakin dezakezu aurrerantzean nondik jo». Epe la­burrera begira  pai­saiak margotzen jarraitzeko asmoa du, baina beste era batera. «Azkenaldian egindako lanak askeagoak dira. Paisaiak baino gehiago orbanak ikusten dira. Dena den, oraindik ez dut ezer zehatzik lortu. Egindakoak ez nau konbentzitu. Probatzen eta aztertzen ari naiz».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide